GAUR8

Egiako Kultur Etxera heldu da Arkitektoen Elkargoaren ‘Ondare atariak’ erakusketa

Egiako Kultur Etxean ‘Ondare atariak’ erakusketa ikus daiteke otsailaren 28ra arte. Eraikin babestuak eta irisgarritasuna dira 2021. urtean jaio zen ekimenaren gako nagusiak. Bisita gidatua egingo dute hilaren 25ean, adituen azalpenekin.

Babestutako eraikinen atariak eta indarrean dagoen legediari egokitzeko beharra jorratzen du erakusketak.
Babestutako eraikinen atariak eta indarrean dagoen legediari egokitzeko beharra jorratzen du erakusketak. (Euskal Herrik Arkitektoen Elkargo Ofiziala)

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ‘Ondare atariak: irisgarri eta inklusiboak?’ ekoitzi zuen 2021ean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO). Ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, erakusketa Egiako Kultur Etxera eraman dute. Otsailaren 28ra arte egongo da bertan, eta goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango da.

Erakusketa jaio zenean, 2021. urtean, ‘Ondare irisgarria eta inklusiboa’ zen Europako jardunaldien leloa. Horrekin bat eginez, Gipuzkoako EHAEOren Ondarearen batzordeak Donostiako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak B mailarekin jasotako zenbait eraikinen atarien inguruko erakusketa osatu zuen. Guztira, babestutako 25 atari ziren, baina erakusketak horietako 23 jasotzen ditu, jabeen baimena lortu ondoren.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekimenak balio izan du «indarrean dagoen legeria betetzen dela eta berezko ondare balioak mantentzen direla egiaztatzeko». Gaiaren inguruan erantsi dute ikusgai dagoen materialak aukera ematen duela «egoera horrek eragiten dituen arazoak» egiaztatu eta profesonalek eskainitako soluzio teknikoak ikusteko, «ondarea errespetuaren eta araudia betetzearen arteko oreka delikatua bilatuz».

Urtarrilaren 25ean bisita gidatua izango du erakusketak 11.00etan, eta bertan Gipuzkoako Ondarearen batzordeko zenbait kidek «atari bakoitzaren azalpen xeheagoa» emango dute.