Birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina zabaldu du Aiarako Kuadrillak

Hondakinak birziklatzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea du helburu Aiarako Kuadrillak Ecoembes eta Ecovidriorekin lankidetzan abian jarri duen kanpaina. Urteko lehen hiruhilekoan zehar egingo da, herrietan egingo diren hainbat informazio ekitaldiren bidez.

Hondakinen bereizketa egokian sakonduko du Aiaraldean abian jarritako ‘Biriziklatu!’ kanpainak.
Hondakinen bereizketa egokian sakonduko du Aiaraldean abian jarritako ‘Biriziklatu!’ kanpainak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Amurrrion abiatu da gaur ‘Biriziklatu’ Aiarako Kuadrillak zabaldu duen hondakinak birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina berria. Hurrengo asteetan zehar, ekimena eskualde arabarreko gainontzeko herrietatik igaroko da. Kanpaina berria Ecoembes eta Ecovidriorekin batera antolatu du Kuadrillak, eta jarduera ezberdinak planteatzen ditu kontzientziazioan eragiteko.

Amurrion, ekimenaren lehen helmugan, bi totem jarri dituzte gaur. «Totem horietan, edukiontzi bakoitzean utzi beharreko hondakinen lagin bat erakusten da», herritarren artean sor daitezkeen ohiko zalantzak argitzeko asmoz, azaldu dute Kuadrillako iturriek ohar batean.

Izan ere, sentsibilizatzeaz gain hondakinak behar bezala bereizten lagundu nahi da kanpainarekin, jarraibideak emanez. Hondakinak murriztea eta berrerabiltzea bultzatzea dira ekimenak sustatu nahi dituen beste bi praktika.

Kalean burutuko diren informazio ekitaldietan, tailer eta jolasetan parte hartzen duten herritarrek «tokiko produktuen eta etxean erabiltzeko miniglu dibertigarrien saski baten zozketan» sartuko dira, zehaztu dutenez.

Kanpaina hilaren 23ra arte egongo da Amurrion, Artziniegako pilotakelura igaroko da 29an, eta urtarrilaren 30etik aurera Laudion egongo da, Alberto Acero Plazan. Okondo izango da azken helmuga, otsailaren 13tik 20ra.