GAUR8

Liho zuntzekin egindako makramea eta landarearen erabilera landuko du tailer batek Barandiaran museoan

Lihoaren landaretik zuntza ateratzeko prozesuaren eta erabileraren ezagutza eta makramearen teknika landuko ditu Ataungo Barandiaran museoan ospatuko den tailer batek. Urtarrilaren 28an izango da eta parte hartzeko izena eman behar da aurretik.

Euskal Herrian izan den lihoaren erabilera landuko da tailerrean.
Euskal Herrian izan den lihoaren erabilera landuko da tailerrean. (Barandiaran Museoa)

Ataungo Barandiaran museoak liho zuntzekin egindako makramearen gaineko tailer bat hartuko du urtarrialren 28an. Ez da teknika erakusteko saio hutsa izango, Euskal Herrian zuntz horien erabilerak utzi duen aztarnari buruzko informazioa saio bereziaren beste osagaietako bat izango dela azaldu dute.

Ohar batean gogoratu du museoak aski ezagunak direla jatorri turkiarreko teknikaren bidez eginiko apaingarriak, bitxiak...., sormen marapiloen bidez lantzeko bide hori mundu osoko kultura ezberdinetan erabili dela; eta egun, estresa kudeatzeko eta baretzeko teknika gisa ere lantzen dela.

Tailerrak sormen lanketa honen hastapenak aztertuko ditu, alde batetik; baina horrez gain, korapilo ezagunenak egiten hasi eta kristalezko poteak apaintzen arituko dira parte hartzaileak. Egindako lanak etxera eramateko aukera izango dute, hitzorduaren inguruan zehaztu dutenez.

Lan horiek burutzeko liho zuntzak erabiliko dira, eta horren harira, landare horren erabilerari buruzko bitxikeriak ikasteko aukera izango dela zehaztu dute. Izan ere, «lore urdin txikiak dituen hau» gona edota alkandorak ehuntzeko Euskal Herrian oso erabilia izan dela oroitu dute antolatzaileek.

«Batez ere emakumeek egin dute lan gogor hau eta, honetarako, bereziak ziren erremintak erabiltzen zituzten: karrama, ezpata eta txarrantxa, besteak beste», gogoratu dute lihoak gurean izan duen erabilera horrekin lotuta.

Euskal Herriko Ehungintzaren historia

Tailerrak izango duen hiru ordu eta erdiko iraupenean zehar, beraz, teknika landu bitartean Euskal Herriko ehungintzaren historian barneratuko dira parte hartzaileak.

Ikastaroak 24 euroko prezioa du, beharrezko materiala eskainiko du, eta parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa dela azaldu dute, plaza mugatuak baitira. Barandiaran@gipuzkoanatura webgunean dago informazio guztia eta bertatik egin daitezke inskripzioa.