GAUR8
Gaur X urte

1990 eman zuten “The Simpsons” lehenengoz “Canal+” katean

Duela 33 urte eman zuten espainiar Estatuko telebistan “The Simpsons” telesailaren lehen atala, “Canal+” katean, hain zuzen ere. Matt Groeningek sortua, 34 denboraldi emititu dituzte dagoeneko.

The Simpsons telesaileko hainbat pertsonaia.
The Simpsons telesaileko hainbat pertsonaia. (Getty Images)

“Canal+” izan zen “The Simpsons” telesaila espainiar Estatuan emititu zuen lehen katea. 1990ean izan zen, duela 33 urte. Aski ezaguna egin da ordutik eta, 34 denboraldi geroago, emititzen jarraitzen dute. Matt Groening marrazkigile estatubatuarra da telesailaren sortzailea eta pertsonaiak bere familian oinarrituta daude.

Familia estatubatuar estereotipatua du protagonista telesailak. Lanpostuan alferkerian ibiltzen den eta gehiegi edaten duen Homer, batetik. Haren emazte Marge, etxekoandre sakrifikatua, bestetik. Eta bikotearen hiru seme-alabak, Bart, Lisa eta Maggie. 10 urteko semea da nagusiena, bihurria eta ikasle txarra, 8 urteko alaba, aldiz, adimentsua eta sentibera da eta gazteena, oraindik hitz egiteko gai ez den haurtxoa.

Espainiar Estatuan telesaila emititu zuen lehen katea “Canal+” izan bazen ere, 1991ean “Televisión Española” hasi zen ematen, lehen denboralditik hasita, “TVE1”-n lehendabizi eta “TVE2”-n ondoren. 1994an “Antena 3”-ek erosi zuen telesaila emateko eskubidea eta 25. denboraldira arte eman zuen, emisioa “Neox” katera mugitu zuen arte.

Telesaila horren ezagun egin izanak unibertso komertziala sortu du haren inguruan, eta merchandisinga, garagardoa edota donutsak jarri izan dituzte salgai zaleentzat. 2007an filma atera zuten eta espainiar Estatuan animaziozko pelikulen artean diru gehien bildu zutenetarikoa bilakatu zen.