1977ko urtarrilaren 23an Pink Floyd britainiar rock taldeak “Animals” diskoa argitaratu zuen
Gaur 46 urte talde britainiarrak hamargarren diskoa kaleratu zuen; George Orwellen “Animal Farm” eleberrian oinarrituta zegoen. Pink Floyd taldea rock psikodelikoaren, sinfonikoaren eta progresiboaren aitzindarietako eta sortzaileetako bat izan da.
Gaur 46 urte Pink Floyd talde britainiarrak hamargarren diskoa kaleratu zuen. “Animals” izena zuen lan berriak, eta George Orwellen “Animal Farm” eleberrian oinarrituta zegoen. Gizarteko hainbat multzo animalien bidez ordezkatuta zauden diskoan: txakurrak dira legea ordezkatzen dutenak, txerriak agintari gupidagabeak, eta ardiak peoi burugabeak.
1970eko hamarkadako Ingalaterrako baldintza soziopolitikoak kritikatzen ditu diskoak, berezki kapitalismoa; eta gizakiaren gainbeherari buruz ere hitz egiten du. “Wish You Were Here” beren aurreko lanarekin alderatuta musika estiloan aldaketa handia antzematen da.
Diskoko beste bitxikeria bat da azalean txerri bat agertzen zela bi tximinien artean flotatzen. Gerora, Pink Floyden maskota bilakatu zen txerria, taldeko elementu ikonikoetako bat izateraino.
Britainiako rock taldea XX. mendeko musikako ikur handietako bat izan da. 1964an sortu zen Londresen, eta Roger Waters, Nick Mason, Rick Wright eta Syd Barrett ziten taldeko kideak. The Beatlesen, The Byrdsen, eta blues amerikarraren eragin handia izan zuen.
Hala ere, arrakasta garaiz lortu bazuten ere, taldearen biziraupena ataka larrian egon zen, Barretten LSDarekiko adikzioaren ondorioz. Azkenerako, taldetik bota zuten abeslaria, eta David Gilmourrek ordezkatu zuen.
Pink Floyd rock psikodelikoaren, sinfonikoaren eta progresiboaren aitzindarietako eta sortzaileetako bat izan da. Beren soinua aldatzeko, eta haiei arrotz egiten zaizkien musikak esploratzeko gaitasuna izan dute, eta The Beatlesak dira ziurrenik haien pare jarri daitezkeen bakarrak. Musika popularraren bilakaeran talde britainiarrak izan duen eragina neurtezina da.