GAUR8
Gaur X urte

Nelson Mandela espetxetik atera zen 27 urteren ondoren

1990eko otsailaren 11an atera zen Nelson Mandela espetxetik, 27 urte igaro ostean. Atera eta berehala, hitzaldi bat eman zion beltzen komunitateari, bakearen alde borrokatzea aldarrikatuz.

Nelson Mandela, apartheidaren aurkako ekintzailea.
Nelson Mandela, apartheidaren aurkako ekintzailea. (Wikipedia)

Gaur 33 urte, eskuratu zuen Nelson Mandelak askatasuna Victor Verstergo kartzelatik atera zenean. Gertakaria mundu osoko hainbait telebista katek zuzenean eman zuten. Askatutako momentuan bertan, Mandelak nazio osoari hitzaldia eman zion; batetik, bakearekin eta herrialdeko gutxiengo zuriarekin adiskidetzeko zuen konpromisoa nabarmendu zituen, baina aldi berean, garbi utzi zuen ANCren borroka armatua ez zela amaitu.

Horrez gain, beltzen komunitateari helburua bakea ekartzea zela adierazi zuen; eta komunitate horri hauteskundeetan parte hartzeko aukera ematea garrantzitsua zela azpimarratu zion, bai nazio mailan baina baita maila lokalean ere.

Negoziazio prozesu baten beharra eta nahia adierazi zuen, baina testuinguru hori iritsi artean borroka armatuak jarraituko zuela baieztatu zuen. «Borroka armatua baliatu izan dugu 1960an ANCren beso militarra (Umkhonto we Sizwe) sortu genuenetik, apartheidaren biolentziatik defenditzeko ekintza gisa. Borroka armatua eskatzen zuen egoerak bere horretan dirau. Ez dugu aurrera egin beste irtenbiderik. Noizbait negoziazio prozesu bat martxan jartzeko moduko testuingurua azkar lortzea litzateke nire nahia, non ez dugun gehiago borroka armatuaren beharrik izango».

Otsailaren 2an F.W. Klerk presidenteak ANC eta apartheidaren aurkako beste erakundeen ilegalizazioa baliorik gabe utzi zuen, eta jakitera eman Mandela gutxi barru askatuko zutela.