NAIZ
Gaur X urte

1929: Mafien arteko borrokek San Valentin eguneko sarraskia eragin zuten

Al Caponek Bugs Moranen bandarekin amaitu zuen gau odoltsu batean, alkoholaren negozioa bi banden artean partekatu behar ez izateko. Chicagoko sarraskiaren ostean mafiak ospe txarra hartu zuten gizartean.

Al Capone 1930ean.
Al Capone 1930ean. (Chicago Bureau / Wide World Photos)

Chicagon mafia familien arteko gatazkak puri purian zeuden 1929an. ‘Lege lehorra’ deiturikoaren ondorioz alkoholaren kontrabandoa oso negozio errentagarria bilakatu zen, eta horrek banden arteko borrokak piztu zituen.  

Kondairaren arabera, otsailaren 14an, San Valentin eguneko gauan, Al Capone mafioso historikoak erasoa prestatu zuen kontrako bandako kideak hil eta konpetentziarik ez izateko. Al Caponeren bandako kideak poliziaz jantzi ziren eta sarekada bat egin zuten Bugs Moraren North Side Gang bandaren kideen aurka, hauek erresistentziarik egin ez zezaten. Moranen gizonak alkohol kargamentu bat hartzera joan ziren biltegi batera, eta bertan sorpresaz hartu zituzten Caponerenak.

Paretaren kontra jarri zituzten eta armak kendu zizkieten, eta ondoren tirokatu egin zituzten gau hartan harrapatu zituzten bost etsaiak. Erasoaren helburua Bugs Moran bera hiltzea bazen ere, hain justu bera ez zegoen une horretan. Bilerara berandu iritsi zen eta biltegira gerturatzean sarekada bat zegoela ikustean, kafetegi batetan sartzea erabaki zuen, arazoak ekiditeko.

Gertakizunak oihartzun handia izan zuen hedabideetan. Ordura arte, mafia gizartearen beharrak asetzen zituen taldea zen, baina sarraskiaren ostean ospe txarra irabazi zuen eta heroi izatetik gaizkile izatera pasatu ziren. Erasoa zela eta, Eliot Ness poliziak Al Caponeren kontrako operazioa hasi zuen, nahiz eta berak sarraskia agindu izana ezin izan zuen inoiz frogatu. Iruzurra bezalako delituak egotzita atxilotu zuten, eta Atlantako espetxe batera eraman zuten. Beragan kontrol handiagoa izateko asmoz, San Franciscoko Alcatrazera mugitu zuten eta bertako presorik ospetsuena bilakatu zen.