NAIZ
Gaur X urte

34 urte dira Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko egitasmoa onartu zuela

1990ean EAJ, EA eta EEren aldeko bozkekin onartu zen euskal herritarrek euren estatus politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala erabakitzeko eskubidea dutela. HB ez zegoen hainbat punturekin ados.

Euskal Herrian aspalditik dugu ahoan hitz bat: autodeterminazioa. Azken urteetan Eskoziako edo Kataluniako pausoak direla eta, eta gurean Gure Esku bezalako ekimenak sortu direnez, indar handiagoa eskuratu du herriaren erabakitzeko eskubideak. Hala ere, mugarri garrantzitsu bat izan zen gaur 34 urte.

1990ko otsailaren 15a zen Gasteizko Parlamentuak Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko egitasmoa atera zuen EAJ, EA eta EEren aldeko botoekin. 38 legebiltzarkideren babesa izan zuen proposamenak guztira.

1990eko adierazpenaren lehen puntuan, Legebiltzarrak adierazi zuen «Euskal Herriak autodeterminaziorako eskubidea du. Eskubide hori herritarrek beren estatus politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datza, bai esparru politiko propioa emanez, bai beren subiranotasuna, osorik edo zati batean, beste herri batzuekin partekatuz».

EAJk, EAk eta EEk adostutako ekimenak beste hiru puntu ere bazituen. 1990eko otsailaren 15eko osoko bilkura haren aurretik, eztabaida latza izan zen gainontzeko alderdiekin, eta hedabide espainolen aldetik kritika izugarriak.

Herri Batasuneko legebiltzarkideak Legebiltzarrera joaten ziren bigarren aldia izan zen. Alderdia adierazpenaren hainbat punturekin ados ez zegoenez, zuzenketa proposatu zuen Iñigo Iruin bozeramailearen bitartez. HBko hamahiru ordezkariek osoko bilkuren aretotik alde egin zuten bozketa baino lehen, EAJk galarazi egin baitzuen adierazpena puntuka bozkatzea; talde independentistak lehen puntua babestu nahi zuen, baina ez gainerakoak.