NAIZ
Gaur X urte

ETAk Katalunian su etena adostu zuen, herrien arteko begiruneari erreferentzia eginez

2004ko otsailaren 18an ETAk pauso historiko bat eman zuen Katalunian ekintza armaturik egingo ez zuela konpromisoa hartuz. ERCrekin hilabete batzuk lehenago egindako bilerak zerikusia izan omen zuen erabakian.

Una visita de Carod-Rovira a Euskal Herria en 2004.
Una visita de Carod-Rovira a Euskal Herria en 2004. (Raul Bogajo | FOKU)

2004ko otsailaren 18an ETAk Kataluniako su etena iragarri zuen. Erakundeak Katalunia eta Euskal Herriaren arteko lotura eta antzekotasunak azpimarratu zituen: «Espainia eta Frantziako estatuen menpe gaude bi herriak. Bi estatu horiek menperaturiko eta zatituriko herriak gara. Mendeetan zehar eta egun ere estatu berdinen zapalkuntza jasateak gure bi herrien arteko elkartasun loturak estutzea eta sakontzea ekarri du. Erabakia hartzerakoan kontuan hartu dugu Kataluniaren, Euskal Herriaren eta Espainiako estatuaren egoeran azken hamarkadetan izandako aldaketa politikoa», zioen agiriak.

Bi herrien autodeterminaziorako nahia ere azpimarratu zuten, «Espainiako Estatuaren pitzadura nagusiak» direla iritzita. Hori dela eta, herrien arteko harremana sustatu nahian, «begirunea eta injerentziarik eza» izan behar zutela adostu zuten, eta horregatik erabaki zuten Katalunian ekintza armatuak egiteari uztea.

Gatazkaren amaieran eragina izan zuen ERCk. Izan ere, alderdiaren presidentea zen Josep Lluis Carod-Rovira ETArekin bildu zen Perpignanen, 2003ko urte amaieran. Bilera horrek zalaparta handia eragin zuen hedabideetan, eta presidenteak dimititu egin behar izan zuen kritikak isilarazteko. ERCren alde agertu zen esanez «ETArekin eztabaidatzea, iritziak trukatzea eta akordioak lortzea zigortu nahi dutenek konponbideari eta bakeari ateak ixten dizkiote», eta haiekin bildu izana ukatu baina ERCren jokabidea txalotu zutenen «hipokresia» salatu zuten.

Nola edo hala, ERCrekin bilera publiko egin eta egun gutxira ETAK su etenaren berri eman zuen, euskal gatazkaren etapa berri bat hasiz.