Arnaldo Otegi, 8719600500 zenbakidun euskal presoa aske gelditu zela zazpi urte
“Bateragune auzia”-gatik jaso zuen zigorra osorik beteta, gaur zazpi urte dira askatasuna berreskuratu zuela Arnaldo Otegik. Logroñoko espetxeko atarian zain zituen gertuko senideak eta lagunak. Hedabideak, ugari. Politikan lanean segitzeko asmoz zetorrela baieztatu zuen jendetzaren aurrean.
Agindutako zigorra osorik bete ondoren, Arnaldo Otegi aske gelditu zen 2016ko martxoaren lehenean. Urteko hirugarren hilaren hasierarekin berreskuratu zuen, duela justu zazpi urte, azkenekoz askatasuna. Guztira sei aldiz zigortua izan da eta beste espetxealdiekin batuz gero hamalau urte inguru bete ditu kartzelan elgoibartarrak.
Logroñoko presondegia atzean utzita, beraz, 2009ko urriaren 13an abiatutako azken espetxealdia amaitutzat eman zuen eta, horrekin batera, etapa berri baten hasiera piztu zen.
“Bateragune auzia”-ren harian Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diezekin batera atxilotu zuten Otegi 2009an. Lehen hiruak 2015eko urrian aske gelditu ziren, LABeko idazkari nagusi ohiak, berriz, kartzelan segitu zuen 2017ko abuztuaren 17ra arte.
Jendetza batu zen egunsentian espetxeko atarian, Otegi noiz libre ikusi zain. Eta goizeko bederatziak bost gutxi zirenean, irribarrea aurpegian, ukabila gora eta disimulurik gabeko emozioarekin, agertu zen preso ohia. Lehenengo gauza, familiari besarkada estua ematea. Hodei semea, Garazi alaba, Juli emaztea eta Arsenio aita.
Arratsalde hartan bertan Elgoibarren ekitaldia antolatua bazegoen ere, han bertan hartu zuen hitza Arnaldo Otegik, gerturatu ziren ia 200 pertsonen aurrean. Kultura, politika eta komunikazioaren esparruetatik ere aurpegi ezagun ugari bertan izan ziren. Bi minutu eskasean lidergo-dohainak galdu ez zituela erakutsi zuen.
Egun hartan arreta mediatikoa bereganatu zuten preso politikoen existentziaz egin zituen aipamenak edo Lehendakaritzari egindako erreferentziak. Ordea, esaldi batek bere asmoen aitorpen bat markatu zuen: «Bakearen aldeko apustua amaierara arte eraman behar da. Eta hori da zuekin eta zuekin guztiekin egin nahi dudana». Otegik ez zuen ezkutatu ezker abertzalea zuzentzeko eta bertan lan egiteko itzuli zela.