GAUR8
Gaur X urte

Gizonezkoa eta 82 urte: Bizkaian zendu zen koronabirusaren eraginez lehen pertsona Euskal Herrian

Koronabirusak 2020ko martxoaren 4ean eragin zuen lehen hildakoa Euskal Herrian, itxialdia ezarri baino hamar egun lehenago. Bizkaitarra zen, eta aurretik eritasun kronikoak zituen; egun haietan pneumonia ere bazuen. Estatu mailan ezezaguna zitzaigun birusak hil zuen bigarren pertsona izan zen.

Ezkerraldeako OSIko profesionalak, Covid19 test-ak egiten 2020ko apirilean.
Ezkerraldeako OSIko profesionalak, Covid19 test-ak egiten 2020ko apirilean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Koronobirusaren pandemiak 2020ko martxoaren erdialdean eragindako itxialdia baino egun batzuk lehenago hil zen covid-19aren birusak jota lehenengo pertsona Euskal Herrian, zehazki Bizkaian. Estatu espainiarrean gaixotasun honen eraginez hil zen bigarren pertsona zen, gainera. Aurrenekoa Valentzian erregistratu zen.

Euskal herritarraren heriotza 2020ko martxoaren 4ean baieztatu zen. Tentsio handiko asteak izan ziren haiek, jendartean beldurra zen nagusi, ezjakintasuna, eta oraindik gauza gutxi ezagutzen ziren birusaren inguruan. Informazioa ere apurka ailegatzen zen. Zuhurtzia zen joera; hainbeste, zein ospitaletan zegoen ere ez zela zabaldu, ezta nongo bizilaguna zen. Hala ere, egun hartan jakin zen 82 urteko gizona zela hildakoa, eta aurretik gaixotasun kronikoak zituela. Egun haietan, gainera, pneumonia zuen.

Iluntzeko 19.00ak pasatxo zirenean, orduan Nekane Murgak zuzentzen zuen Lakuako Osasun sailak baieztatu zuen albistea, eta zehaztu zuen gaixoak asteazken hartan bertan eman zuela positibo egindako frogetan. Emaitza jakin eta denbora gutxira zendu zen.

Hildakoa Bizkaian eman bazen ere, egun haietan bereziki kezkagarria zen egoera Araban, izan ere Euskal Herrian ordurarte osasun sistemak erregistratu zituen 24 positiboetatik, 16 han baitzeuden. Modu paraleloan, gutxienez 250 pertsona berrogeialdian zeuden ordurako EAEn, nor bere etxean, medikuen jarraibideei segituz. Horietatik ia erdia, osasun arloko profesionalak ziren, haiek ere aski sufritu baitzituzten ondorioak gaixotasunarekin kontaktu zuzena eta etengabekoa izateagatik.