1911n ospatu zen lehen aldiz Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna Europan
Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna 1911ko martxoaren 19an ospatu zen lehen aldiz Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan, eta milioi bat pertsona baino gehiago bertaratu ziren antolatutako mitinetara.
Gaur egun, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatzen da, baina jatorrian ez zen data hori izan. Emakumeen eskubideen aldeko borroka XX. mendearen hasieran areagotu zen, eta Europan 1911ko martxoaren 19an ospatu zen lehen aldiz, Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan hain zuen ere.
Baina ospakizun horrek 1910ean eman zituen lehengo pausuak, Kopenhagen egindako Emakumeen Nazioarteko Konferentzia Sozialistak urtero emakumeei zuzendutako jardunaldi bat antolatzeko beharra aztertu zuenean. Clara Zetkin komunista alemaniarra izan zen ekimenaren buru.
Gainera, aurrekari inportante bat egon zen. 1909ko otsailaren 28an Estatu Batuetan ‘Emakumearen Egun Nazionala’ ospatu zen, 1908ko ehungintzako langileen grebaren omenez Estatu Batuetako Alderdi Sozialistak egindako adierazpen baten ondoren. Lanaldia murriztea, soldata hobeak eta boto-eskubideak eskatu zituzten.
Baina 1911ko martxoaren 19ko ospakizunak mugarri bat ezarri zuen. Milioi bat pertsona baino gehiago bertaratu ziren antolatutako mitinetara, emakumeei botoa emateko eskubidea, kargu publikoak betetzeko eskubidea, lanerako eskubidea, lanbide-heziketarako eskubidea eta lan-diskriminaziorik ezerako eskubidea exijituz.
Astebete baino gutxiago geroago, 1911ko martxoaren 25ean, 123 emakume gazte langile hil ziren, gehienak etorkinak, New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikako Sute tragikoan, eraikinetik ezin irteteagatik, ihes egiteko aukerarik gabe giltzapetu baitzituzten.