“The Godfather”: Zinemaren azken klasiko handiaren 51. urteurrena
American Film Institut-ek garai guztietako Bigarren Film Estatubatuar Onena izendatu du “The Godfather” (1972), “Citizen Kane” (1941) filmaren atzetik. Kontuan izanik Francis Ford Coppolaren lan erraldoi hau hiru filmez osatutako trilogia bat dela, agian gangsterren generoko klasiko honek maila bat igo beharko luke podiumean.
New Yorkeko Loewis State Theatre zinema aretoan estreinatu zen 1972ko martxoaren 15ean “The Godfather”, zinemaren historiako funtsezko lanetako bat. Gero iritsi ziren “The Godfather II” (1974) –kritikaren zati handi batentzat trilogiaren filmik onena– eta “The Godfather III” (1990), itxiera ezin dotoreagoa.
2020an kaleratu zuen Francis Ford Coppolak “The Godfather, Coda”, 1990ko hirugarren filmaren birmoldaketa: 4k-ko soinua eta irudia remasteritzatzeaz gain, muntaia berria egin zuen, filmaren hasiera eta amaiera aldatuz. Eszena nagusiak berrantolatzean, trilogiari egitura narratibo koherenteagoa eta logikoagoa eman zion zinemagileak.
Baina itzuli gaitezen hasierara: 1972an estreinatu zen “The Godfather” indartsu honek irauli egin zituen zinema eta mafia italiarreko gangsterren generoa. Bidea ez zitzaion erraza suertatu, dena den. Esaterako, zuzendariaren aukeraketa: Zinema Amerikar Berriaren ikurra izanik, hala eta guztiz ere Francis Ford Coppola kontratatzea arrisku-operazioa izan zen estudioarentzat.
Robert Evansek, Paramounteko buruak, bazekien Hollywood inflexio-une batean zegoela: berritu edo hil. Hor zegoen etorkizuna. Mario Puzoren eleberriaren eskubideak erosi zituen 80.000 dolarren truke, eta hasi berri bat aukeratu zuen filma gidatzeko. Coppolak Donostian Urrezko Maskorra eskuratu zuen “The Rain People” (1969) filmarekin, ados, baina ekoizpen handi bat bere gain hartzeko gai izango al zen?
Katutxoa eta espagetiak
Coppolak apustuari eutsi zion, beste zuzendari ospetsu batzuek egin ez zutena. Adibidez, Peter Bogdanovich-i proiektua zailegia iruditu zitzaion. Arriskutsua ere, bere etorkizun profesionala kolokan jarri zezakeelako.
Coppolak hartutako erabaki guzti-guztiak ezbaian jarri ziren, baina denborak arrazoia eman zion. Eztabaidagarriena, eta gero mito zinefiloaren mailara igo zena, Marlon Brandoren aukeraketa izan zen. Gainbeheran zegoen izarra izanik, ez zioten Vito Corleoneren papera eman nahi. Aktoreak bere harrotasuna irentsi eta casting batetik pasatu behar izan zuen papera eskuratzeko. Eta nola, gainera.
Hiru orduko iraupena duen film honetan, zazpigarren artearen eszena ikoniko asko daude, Don Vitok katutxoa laztantzen zuen unea edo Clemenzak prestatzen dituen espagetiak.
Izendapen ugari izan arren, hiru Oscar baino ez zituen lortu: film onenari, aktore onenari eta gidoi moldatu onenari. Horri bost Urrezko Globo, bi David Di Donatello eta Bafta bat gehitu behar zaizkio. Sari hauek ez dute islatzen, ezta hurrik ere, kritikaren eta publikoaren artean izan zuen benetako eragina.