GAUR8
Gaur X urte

AEBek Irak inbaditu eta gerra hasi zuten duela hogei urte

2003ko martxoaren 20an, Irakeko inbasioa hasi zuten Ameriketako Estatu Batuek, zortzi urte iraungo zuen gerrari hasiera emanez.

Estatu Batuetako armada parakaidistako soldaduak Avianon (Italia), Irakera abiatzeko prest.
Estatu Batuetako armada parakaidistako soldaduak Avianon (Italia), Irakera abiatzeko prest. (WIKIMEDIA COMMONS)

Gaur hogei urte, 2003ko martxoaren 20an, Irakeko inbasioa hasi zuten Ameriketako Estatu Batuek eta bere herrialde aliatuek, Erresuma Batuak, Australiak eta Poloniak. Inbasio horrek 2011 arte luzatuko zen Irakeko gerrari hasiera eman zion.

2003ko martxoaren 20an amaitu zen George W. Bush AEBetako presidenteak Saddam Hussein Irakeko agintariari bidalitako ultimatuma, boterea utz zezan. Ezezkoaren aurrean, Ameriketako Estatu Batuek herrialde arabiarra inbaditu zuten egun horretan bertan.

Inbasioaren aurretik, Bushen Gobernuak kanpaina bat hasi zuen, Irakeko lurzoruan armamentu kimiko eta biologikoko fabrikak zeudela esanez, eta baieztatuz Husseinen Gobernuak bonba nuklearra zuela, nahiz eta ez zuten inoiz horrelakorik topatuko. Collin Powell, estatu-idazkari estatubatuarra, propaganda-aparatu horren protagonistetako bat izan zen, funtsezkoa nazioarteko komunitatea inbaditzera konbentzitzeko.

Aliatuen tropak Irakera sartu eta bi hilabetera erori zen Bagdad. Baina inbasioaren amaierarekin ez zen gerra amaitu. Gobernu berri bat antolatzeko ahaleginek ez zuten aurrera egiten Bushek nahi zuen moduan, eta laster herrialdea bolborategi bat bihurtu zen. Sadam Hussein atxilotu zuten tropa estatubatuarrek, eta 2006an hil zuten.

Gerrak ez zuen Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren babesik izan, eta, horren ondorioz, nazioarteko zuzenbideko aditu askok inbasioa legez kanpokoa izan zela salatu zuten. Horixe adierazi zuen orduan Nazio Batuetako idazkari nagusia zen Kofi Annanek ere.