1963ko martxoaren 21ean behin betiko itxi zuten Alcatrazko espetxea
Gaur 60 urte, 1963ko martxoaren 21ean, AEBetako agintari federalek behin betiko itxi zuten Alcatrazko espetxea.
Gaur 60 urte, 1963ko martxoaren 21ean, AEBetako agintari federalek behin betiko itxi zuten Alcatrazko espetxea. San Frantziskoko badiako izen bereko irlan zegoen espetxea munduko ezagunena da, bere baldintza bereziengatik. Inork ez du lortu handik ihes egiterik.
Alcatrazek 29 urtez funtzionatu zuen espetxe modura, han egon zen preso, adibidez, Al Capone gangsterra, eta han egin zen ospetsu Robert Franklin Stroud –‘Alcatrazeko txorien gizona’, isolamenduan zegoela txoriak hezten lortzen zuelako denbora arintzea–. Ofizialki, 14 ihesaldi saiakera erregistratu dira; 36 preso orotara. Horietako bederatzi hil egin ziren, bi badiako ur hotzetan itota.
1962ko ekainaren 11n izan zen ihes egiteko azken saiakera, baita ezagunena ere, ez dakigulako zer gertatu zen. Hiru presok ihes egin zuten plan luze eta landu bat prestatuta: bizartegian jasotako ileak jaso eta horiek paperezko panpinetan jarri zituzten. Panpinak ohean utzi zituzten, presoek bertan jarraitzen zutela sinetsarazteko guardiei. Kalkuluen arabera, gaueko hamarrak aldera iritsi ziren badiako uretara, eta desagertu egin ziren. Laugarren preso bat atzean geratu zen azkenean.
Robert F. Kennedy fiskal nagusiak aginduta itxi zen espetxea. Ixteko arrazoietako bat espetxeak eragiten zuen kostu handia izan zen, baita San Frantziskoko badian sortzen zuen kutsadura ere. Gaur egun, turista asko sartzen dira bertara hegaztien koloniak bisitatzera, baita museoa bilakatutako espetxea bisitatzera ere.