GAUR8

Piktogramen erabilera aztertu dute hitzik gabeko pertsona autista helduekin komunikazioa errazteko

Hizkuntza-komunikaziorik ez duten pertsona autista helduen ulermen maila aztertu du EHUko eta Ikerbasqueko talde batek, kontzeptu batuketaren komunikazioa piktogramen bidez landuz.

Elena Castroviejo, Agustin Vicente eta Natalia Barbarroja ikertzaileak, irudian.
Elena Castroviejo, Agustin Vicente eta Natalia Barbarroja ikertzaileak, irudian. (UPV/EHU)

Ikerketa gutxi dago hizkuntza-komunikaziorik ez duten pertsona autista helduen ulermenaren gainean. EHUko ikerlari talde batek puntu horretan jarri du fokua, «sinbolo ez-linguistikoen inguruko gaitasun linguistikoak, kontzeptualak zein ulermen arlokoak» aztertzeko.

Gutxieneko hiztegia duten pertsona helduak ikertu dira, zortzi lagun guztira, sei hilabeteetan zehar. Parte hartzaile bakoitzak ulertzen zituen hitzen analisiarekin abiatu zen prozesua; ondoren, hitz horien konposatuak ulertzen ote zituzten ikertu zen.

Prozesua azaltzeko, adibide gisa zehaztu dute ‘autoa’ eta ‘gorria’ hitzak ulertzen bazituzten «auto gorria» kontzeptua ulertzen zuten aztertu dutela. Lanean ikusi da parte hartzaileetako bat baino ez zela gai izan izena eta izenondoa dituzten konbinazio horiek ulertzeko.

Hizkuntzaren zailtasun horiek linguistikoak edo kontzeptualak ziren ikertu du ondoren Agustin Vicente Ikerbasqueko irakasleak eta Natalia Barbarrojak eta Elenea Castroviejo ikertzaileek osatutako taldeak.

Ondorioztatu dutenez, «pertsona horien hiztegia neurtzeko egiten diren testek ez dute erakusten benetan duten hizkuntza-ulermena». Askotan hitzak banaka uler ditzakete, baina ez hitz konposatuak edo esaldiak.

«Funtsezkoa» senide eta zaintzaileentzat

«Haien egiazko ulermen maila ezagutzea funtsezkoa da senide eta zaintzaileentzat, izan ere, askotan, haien ulermen-gaitasuna handiesten da eta ingurukoei bene-benetan ulertzen dutela iruditzen zaie, nahiz eta ulertu ez», nabarmendu dute.

Ulermena neurtzeko diseinatutako testak modu azkarrean ematen du informazioa hitzik erabiltzen ez duen pertsonak benetan ulertu ahal duenaren neurria hartzeko. Baieztatu dute, era berean, piktogramen erabilera (KSAH sistema) eraginkorragoa dela, irudiak hitzak baino ulerterrazagoak direlako, «eta hitzekin ezin komunika daitezkeen pentsamendu konplexuak komunikazteko aukera ematen» dutelako.

Ikerlanean, gainera, ikusi dute litekeena dela zailtasunak «maila linguistikora mugatuta izatea eta ez izatea pentsamendukoak, askotan uste izan den bezalaxe».