Bakegileen eskutik, ETAren armagabetzea Baionan
Apirilaren 8a bakearen artisauen egun bilakatu zen, ETAren armagabetzea gauzatu zelako Baionan gaur sei urte. 20.000 herritar baino gehiago batu ziren babesa adierazi eta fase berrirako konpromisoa erakusteko.
ETAren armagabetzearekin, aro aldaketa bat irudikatu zen Baionan, gaur sei urte. 20.000 lagun elkartu ziren Paul Berten plazan, armagabetzeak bake prozesuan lagunduko duela sinetsirik, baina urrats gehiago egitea beharrezkoa denaren jakitun.
2017ko apirilaren 8 goizean abiatu zen Bakegileen lana. Goizean goiz joan ziren armak gordeta zeuden zortzi lekutara 172 bakegile polizia frantsesaren laguntzarekin. Bertan, armekin batera inbetarioak ere utzi zituzten polizien esku.
Aro batetik beste batera igarotzeko plaza izan zen Baionako Paul Bertekoa. Goizeko irudiek zabaldu zuten ekitaldia, eta bertaratuei zein munduari zabaldu nahi zieten mezua lau hizkuntzatan egin zuten, euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Aldebakarreko prozesua izateak garrantzia berezia zuen, herritarren konpromiso eta borondateari esker lortu zen, eta baita irudimenaren eraginez ere, artisauen lana izan zen, bakearen artisauena.
Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubianak hartu zuten hitza, eta armagabetzea zoriontzeaz gain, «bake osoa» lortzeko oraindik urratsak geratzen direla azpimarratu zuten. Biktima guztien aitortza, eta presoen etxeratzeko prozesu bakegileak galdegin zituzten. Manifestu batekin eman zioten amaiera egunari, sinatzaile eta babesleen artean bertako zein nazioarteko hiritarrak zeuden. Irlandako prozesuan parte hartu zuen Harold Good; Louis Joinet jurista frantsesa; Max Brisson, Pili Zabala edota Arnaldo Otegi politikariak; José Bové, Txiki Muñoz edota Garbiñe Aranburu sindikalistak…