Gaur X urte

1944ko apirilaren 21ean emakumeek boto eskubidea lortu zuten Frantziako Estatuan

Frantzia izan zen mendebaldeko azken herrialdeetako bat emakumeen boto eskubidea aitortu zuena, neurri handi batean, langile mugimenduak ez zuelako kausarekin bat egin. Gaur 79 urte pasatu dira geroztik.

Urte haietan Emakumeen Botorako Frantziako Batasunak egindako kartela.
Urte haietan Emakumeen Botorako Frantziako Batasunak egindako kartela. (Wikipedia)

«Liberté, Égalité, Fraternité» (Askatasuna, Berdintasuna, Senidetasuna) da Frantziako Estatuaren leloa, baina paradoxikoki Frantzia da mendebaldeko azken herrialdeetako bat emakumeen boto eskubidea aitortu zuena, 1944an hain zuzen ere.

Beraz, gaur 79 urte, 1944ko apirilaren 21ean, Frantziako Estatuan emakumeek boto eskubidea lortu zuten. Urtebete eta zortzi egun geroago, 1945eko apirilaren 29an, eman zuten emakumeek lehen aldiz botoa. 

Mendebaldeko herrialdeetan Europa iparraldekoak izan ziren lehenak; 1907an Finlandiak, 1913an Noruegak, eta 1919an Suediak.

Frantzian, baina, askoz ere beranduago iritsi zen, eta neurri handi batean langile mugimenduak emakumeen botoaren kausarekin ez zuelako bat egin izan zen. Izan ere, sozialismoaren sektore batek ez zuen begi onez ikusten emakumeen borroka, klaseen artekoa garrantzitsuagoa zelako, eta emakumeen borrokak langileena oztopatu zezakeelako.

Bestalde, sozialista batzuek uste zuten emakumea lan munduan sartzea kaltegarria izan zitekeela emakumeentzat eta ezkerraren kausarentzat, langile kopurua handituko zuelako, eta ondorioz, soldatak gehiago jaitsiko zirelako. Gainera, sufragistak burgesiako emakumeak izaten ziren, eta horiek langileentzat klaseko etsaiak ziren.

Saiakerak ez ziren falta izan

Hala ere, emakumeen boto eskubidea aitortzeko saiakerak ez ziren falta izan. Bitan eztabaidatu zen auzia parlamentuan, 1919an eta 1922an, baina bietan atzera bota zuten. 1929an ere beste saiakera bat egin zuten, eta proposamenak Behe Ganberaren onespena bazuen ere, Senatuak atzera bota zuen.

Ipar Euskal Herriko emakumeek Bigarren Mundu Gerraren ostera arte itxaron behar izan zuten boto eskubidea aitortua izan zedin.