200 ikertzaile bilduko ditu Donostian Ikergazte kongresuaren V. edizioak
Ikergazte kongresuak 200 ikertzaile inguru bilduko ditu maiatzaren 17tik 19ra Donostian. Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen parte hartzea izango duen bosgarren edizio honetan, 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira.
Maiatzaren 7ra arte zabalik dago Ikergazte kongresuaren V. edizioan parte hartzeko izen-ematea. Aurten Donostian izango da ikerlari gazteei zuzendutako hitzordua, eta aurreratu dutenez, 200 ikertzaileren parte hartzea izango du.
Maiatzaren 17a eta 19a bitartean ospatuko den bilkuran, 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira, eta nazioarteko zientzialarien hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak izango dira, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta.
Hitzorduak helburu zehatzak ditu: ikertzaile euskaldunen lanen ezagutza plazaratzea, elkar ezagutzeko aukera ematea eta egiten duten lanaren erakusleiho bat ematea.
Horrela azaldu du Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak astelehen honetan bertan edizio berriaren aurkezpenean. Nabarmendu duenez, «elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda».
Ikergazte kongresuaren aurtengo edizioko unibertsitate-koordinatzailea Deustuko Unibertsitatea da. Horren harira, Elixabete Perezek azpimarratu du gazteen ikerketa lana ezagutzera emateko suposatzen duen aukeraz gain unibertsitateen topaguena ere badela kongresua, «eta unibertsitateentzako akuilua ikerketa euskaraz ere bultzatzen jarrai dezaten».
Terminologia zientifikoan, bibliografian, material didaktikoan eta lanean erabiliko duten euskaran jarri du fokua Itziar Irigoien EHUko ordezkariak honelako ekimenei esker hizkuntzak ikerketan «poliki-poliki baina etengabe bere bidea egiten» jarraitzen duela nabarmenduz.
Olatz Arbelaitz kongresuko zuendariak azpimarratu du, bestalde, ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean geratzea dela helburua. «Aurten sekula baino ekarpen gehiago jaso dugu, 170, eta gainbegiaratze-prozesua gainditu duten 155 lan aukeztuko dira kongresuan: 52 ahozko aurkezpen, 72 mikroaurkezpen eta 31 poster», erantsi duenez.
Lan onenak, Udalbiltzaren saria eta BadaLab
Hitzordua hainbat sarirekin itxiko da maiatzaren 19an, aurreratutakoaren arabera. Jakintza arlo bakoitzeko lan onenentzako sariez gain sari berezi bat emango du Udalbiltzak Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketarentzat.
Berrikuntza modura, gainera, proiektuen deialdia BadaLab-ekin elkarlanean jarriko da edizio honetan. «Proiektu honen muina ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea izango da. Kongresua topagune izatetik, elkarlanerako esparru bat izatea ahalbidetuz», azaldu du Arbelaitzek.
Neurozientzia, feminismoa eta antropologia dira egitaraua abiaraziko duten gaiak, eta maiatzaren 19an Unai Pascual ikertzailearen “Zientziaren eta zientzialarien rola krisi sozio-ekologikoaren aurrean” hitzaldiarekin itxiko dute, sari banaketaren aurretik.