GAUR8

EHUko ikasleen enplegagarritasunari bultzada emateko foroak egingo dituzte Donostian eta Gasteizen

EHUko ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna hobetzea helburu duten enplegu foroak egingo dituzte Donostian, apirilaren 27an, eta Gasteizen, maiatzaren 3an. Enpresak eta erakundeak egongo dira, eta lan bilaketaren inguruko hainbat arlo jorratuko dute.

EHUk antolatzen ditu enplegu foroak beste erakunde batzuen parte hartzearekin.
EHUk antolatzen ditu enplegu foroak beste erakunde batzuen parte hartzearekin. (Jon URBE | FOKU)

Bi enplegu foro ospatuko dira  hurrengo egunetan Donostian eta Gasteizen, «EHUko ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna hobetu eta gazte horien profil jakinen bila diharduten enpresen arteko harremenak» ahalbidetzeko helburuarekin.

Donostiakoa da lehen hitzordua. Ostegunean (apirilak 27an) izango da, Ignacio Maria Barriola Zentroaren hirugarren solairuan. Foroan, 33 enpresa eta hiru erakunde publiko (Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostia Sustapena) izango dira. Aurreratu dutenez, 150 lan eskaintza inguru argitaratu dira hitzorduaren harira.

Arratsaldean abiatuko da egitararua, 15.15ean enpresen eta hautagaien arteko lehen kontaktuetarako saio batekin. Enpresen aurkezpena egingo da ondoren, sektoreka, eta zenbait hiltzaldi eskainiko dira. Besteak beste, “Europako erakundeetako aukera profesionalak” baita Aldundiarenak edota “Donostia Sustapenak eskaintzen dituen laguntzak” izango dituzte hizpide.

70 enpresa eta 800 lanpostu

Araban, maiatzaren 3an egingo dute Enplegu Foroa Europa Biltzar Jauregian, eta aurreratutakoaren arabera, 70 enpresa baino gehiagoren parte hartzea izango du eta 800 lanpostu baino gehiagoko eskaintza plazaratuko du.

Foroa 9.30ean inauguratuko dute. Enpresen eta instituzioen standez gain hautaketa elkarrizketak, enplegua bilatzeko gunea eta orientazio tailerrak egongo direla iragarri dute.

Hitzorduaren baitan, gainera, hautaketa prozesuei buruzko jardunaldia eta sektore ugaritan Araban dauden enplegu aukeren inguruan enpresa pribatuekin egindako mahai ingurua izango dira. Ikasleei eta tituludunei zuzendutako hitzaldiak antolatu dituzte, halaber, curriculum vitaea hobetzera zuzenduta, adibidez.

Publiko orokorrarentzat antolatutako solasaldiak daude, Internet bidez enplegua bilatzeko gakoak, adimen artifizialak langileak aukeratzeko prozesuetan jokatzen duen gero eta paper handiagoa edota hautagaitza egokitzeko modua bezalako gaiak jorratzeko.

Jarduera horietako batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da webgunean aldez aurretik izena ematea. Atarian, gainera, eskuragarri dago egitarauaren eta foroaren gaineko informazio guztia.