GAUR8

Areetako Xake plazari begiratzen dio Getxoko ‘Miren Larrea Muralismo Saria’-k

‘Miren Larrea Muralismo Saria’-k zabalik ditu proposamenak aurkezteko ateak. Areetako Geltokia Plazako ‘Xakea’ murala hartzen duen eraikina da markoa, eta gai librekoa bada ere ingurunera eta udalerriaren errealitatera egokitzen diren lanak bereziki baloratuak izango dira.

Getxophoto dela eta egindako horma-erretratuen artxiboko irudia.
Getxophoto dela eta egindako horma-erretratuen artxiboko irudia. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

‘Miren Larrea Muralismo Saria’-ren deialdia jarri du abian Getxoko Kultur Etxeak, Areetako Geltokia plazako eraikinari begira jarrita. Izan ere, ‘Xakea’ murala hartzen duen fatxadan esku-hartze artistikorako proposamena sortzea da helburua.

Gaia librea da, baina bereziki baloratuak izango dira ingurunearekin eta udalerriaren errealitatearekin lotutako lanak.

Zehaztu dute, bestalde, horma-lana «Getxoko paisaiaren parte izango denez, eta urtero ekimen honekin bat egingo duen horma-ibilbide baten parte denez», proposamenek prozesu osoaren erregistro eta dokumentazio plan bat jaso beharko dutela obra gauzatzean, «argazkia eta bideoa barne».

Murala herritarrei hurbiltzeko, inguruko bizilagunak eta bisitariak kontuan hartuko dituen bitartekaritza plan bat planteatzen da, proposamena udalerriko kolektibo zehatzetan ere oinarritu daitekeela zehaztuz.

Lan argitaragabeak izan behar dira aurkezten direnak. Epaimahaia pintura eta arte plastikoen munduko profesionalek, Kultura Etxeko Teknikariek eta obra hartuko duten eraikineko jabeen ordezkari batek osatuko dute. Bost proiektu hautatuko dituzte, eta egileek 500 euro banako saria jasoko dute.

Lau hilabete lana egiteko

Lau proiektu horien artean bat aukeratuko dute herritarren iritzia kontuan hartuta. Egileak lau hilabete izango ditu obra egiteko, eta aurreratu dutenez, 43.000 euro bideratuko dira lanera gehienez. Egitasmoa gauzatu baino lehen fatxadaren konponketa eta egokitzapenaren kargu egingo da Udala, zehaztu dutenez.

Deialdiaren inguruko informazio guztia Getxoko Udalaren webgunean dago eskuragarri, kultur deialdien gaineko atalean.