GAUR8

‘Emakume eta mendia II. Topaketa’ egingo dute ekainean Zugaztietan

Emakume mendizaleei zuzendutako topaketa antolatu du Bizkaiko Mendizale Federazioak Zugaztietan ekainaren 17 eta 18rako. Parte hartzaileek hainbat tailer egiteko aukera izango dute Mehatzaldeko herri ezagunean, batez ere esperientziak partekatzea eta elkar ezagutzea helburu dituen hitzorduan.

Zugaztietako hirigunea, artxiboko irudian.
Zugaztietako hirigunea, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Emakume mendizaleen artean esperientziak, ezagutzak eta kezkak partekatzea helburu duen topaketa egingo dute Zugaztietan ekainaren 17an eta 18an.

Federatuta dauden eta ez dauden emakumeei zuzenduta, hitzorduak «trukerako eta prestakuntzarako» gune bat izan nahi du, eta aldi berean, «mendiko jarduera guztietan emakumeen parte hartze aktiboa aldarrikatzeko eta esparru horretan askotan ohikoak diren genero-estereotipoen aurka borrokatzeko» espazioa bilakatu nahi du.

Topaketaren lehen saioa hilaren 17an izango da, 9.00etan hasita. Egitarauaren inguruan aurreratu dute tailer ezberdinak egongo direla. Zehaztu dutenez, orientazioa izango da landuko den arlo bat. «Oruxmap edo IGN aplikazioen bidez» eta norabide barra erabiliz itsuak edo ikusmen murriztua duten emakumeei zuzenduta egongo da saio bat, eta yogaren praktika ere landuko dute.

Topaketak gune berezi bat eskainiko du mendizale ezberdinen esperientziak partekatzeko eta hausnarketa egiteko, parte hartzaileen arteko elkarrizketari garrantzia emanez.

Hamalau kilometroko ibilaldia

Ekainaren 18an, Zugaztietako mendietan zeharreko hamalau kilometroko ibilbide batek itxiko du topaketa. Bazkaria eongo da ondoren, baita bateratze-saio bat bilkurari amaiera emateko.

Topaketan parte hartzeko, izena eman behar da galdetegi bat betez. Asteburuak 50 euroko prezioa du federatuentzat eta 55 eurokoa federatu gabeentzat.

Zehaztu dutenez, parte hartzaile guztiek izango dute aseguruaren estaldura, eta informazio gehiago behar izanez gero helbide elektroniko bat egokitu dute: emakumeetamendia@bmf-fvm.org.