GAUR8

Gazteen 23 proiektu erakutsi ditu Elhuyar Zientzia Azokak Tolosan

Gipuzkoako DBHko, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako ehun ikasle bildu ditu Elhuyar Zientzia Azokak asteburuan Tolosan iksturtean zehar garatutako 13 proiektu aurkezteko. Hurrengo hitzordua Bilbon izango da, ekainaren 2tik 4ra.

Azokaren irekiera pasa den larunbatean, Tolosan.
Azokaren irekiera pasa den larunbatean, Tolosan. (Elhuyar )

Gipuzkoako ikasleek ikasturtean zehar landutako 13 proiektu ikusi ahal izan dira asteburu honetan Tolosan, ‘Elhuyar Zientzia Azoka/STEAM Gipuzkoa’ azokaren lehen edizioan. Pasa den larunbatean ospatu zen ekimena, eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteen egitasmoak izan ziren protagonista nagusiak.

Gipuzkoako hamar ikastetxetako DBHko, Batxillergoko eta Lanbide Heziketako 100 ikasle bildu zituen hitzorduak, nesken parte hartze handi batekin, %65. Prozesuan zehar, halere, handiagoa izan da parte hartzea. Izan ere, 18 ikastetxe eta 357 gazte aritu dira ikasturtean zehar garatutako programan.

Zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika (STEAM, ingelesez) herritarrei gerturatzea da ekimenaren lehen helburua. Aldi berean, komunikazioa, sormena, berrikuntza edota talde lana bezalako zeharkako konpetentziak garatzen dituztela gogoratu dute.

Euskal ikertzaileen parte hartzea

Era berean, esperientziak bizipen zientifikoak izateko eskaintzen duen aukera azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, euskal ikertzaileen laguntza dute ikasleek, mentore gisa, «zientziaren eta teknologiaren mundu erreala gazteei hurbiltzeko eta haiek inspiratzeko».

Lakuako hezkuntza Sailaren babesarekin, Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak antolatzen dute ekimena. Kanbo eta Tolosan egindakoen ondoren Bilbo izango da hurrengo hitzordua, ekainaren 2an, 3an eta 4an, Areatzan.