GAUR8

‘Psikologia kalean’, osasun mentalaren zaintzaren garrantzia azaltzeko saioak, Bilbon, Getxon eta Barakaldon

‘Psikologia kalean’ programa Bilbora itzuliko da hilaren 19an eta 20an. Osasun mentalaren eta psikologikoaren zaintza profesionalak dituen onurak plazaratuko dituzten sarrera libreko hitzaldi eta tailerrak eskainiko ditu, eta aurten jarraipena izango du Getxon eta Barakaldon.

Ainhoa Eguren Bizkaiko Piskologia Elkargoko gerentea, ‘Osikologia kalean’ programaren edizioaren aurkezpenean.
Ainhoa Eguren Bizkaiko Piskologia Elkargoko gerentea, ‘Osikologia kalean’ programaren edizioaren aurkezpenean. (Bizkaiko Psikologia Elkargoa)

Bizkaiko Psikologia Elkargoak ‘Piskologia kalean’ programaren edizio berri bat jarriko du abian hilaren 20an, «herritarrek bertatik bertara ezagutu ditzaten diziplina zientifiko horren eragin-eremuak eta gizarteari ekartzen dizkion onurak».

Osasun mentalak kezka handia eragiten duen une batean, eduki eta hizlari ugariko programa zabal bat prestatu du bizitzako hainbat arlotan zaintzarako tresna den psikologiaren balioa nabarmentzeko. Aurten, gainera, berrikuntza bat du: Bilbon bi egunetan egingo da, eta handik Getxo eta Barakaldora hedatuko da, kale mailako jarduera gehiagorekin.

Programa, beraz, Bilbon estreinatuko da maiatzaren 19an eta 20an, eta ondoren, Getxon eta Barakaldon jarraituko du hilaren 22an eta 23an, hurrenez hurren.

Bilbon, Arriaga Antzokiaren ondoan instalatutako hiru karpetan garatuko da ekimena, sarrera libreko hogei hitzaldi eta tailer baino gehiago eskainiz. Jarduerak herritar guztientzat direla nabarmendu dute, baita jorratuko duten gai sorta handia ere: suizidioa, droga-mendekotasunak, elikadura-nahasmenduak, pertsonen arteko laneko eta bikoteko gatazkak…

Hitzorduaren proiekzioarekin lotuta, Ainhoa Eguren Elkargoko gerenteak azaldu duenez, «bizitzako arlo guztietan osasun mentalaren eta psikologikoaren zaintzari balioa eman» nahi diote, «arreta profesionalengan jarriz eta pertsonen ongizatearen parte garrantzitsuaren bermatzaile gisa identifikatuz, ez bakarrik osasun arloan, baita hezkuntza, enpresa, kirol, justizia eta gizarte arloetan ere».

Emakumeak eta adineko pertsonak

Emakumearen eta adineko pertsonen inguruko gaiek zabalduko dute programa Bilbon, hilaren 19an. Egun horretan Begoñazpi Ikastolako DBH 4ko ikasleak izango dira bertan, nerabezaroko aldaketei eta horiei aurre egiteko moduari buruz hitz egiteko. Egun horretan bertan, gainera, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Graduko ikasleek hartuko dute parte 17.00etatik aurrera. Lehen jardunaldia antsietateari buruzko tailer batekin itxiko da.

Suizidioa, droga-mendekotasuna, elikadura-nahasmenduak eta dibortzioari aurre egiteko moduak hizpide izango dituzte bigarren jardunaldian. Emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko tailerra izango du amaieran.

Getxon, adineko pertsonei zuzendutako hitzaldi batek zabalduko du programa 11.30ean, eta insomnioa jorratuko duen solasaldi batekin jarraituko du arratsaldean. Barakaldon, berriz, antsietateari helduko dio programak, 19.00etatik aurrera.