GAUR8

Doktorego tesien kopuruaren goranzko bilakaera nabarmendu du EHUk

EHUn urtero defendatzen diren doktorego tesien kopurua handitzen ari da azken urteetan. Joan den urtean 462 tesi defendatu ziren EAEko unibertsitate publikoan, eta 4.000 doktoregai inguru daude matrikulatuta  eskaintzen duen 66 doktorego programan.

Doktore berriaen inbestidura ekitaldi bat, EHUn.
Doktore berriaen inbestidura ekitaldi bat, EHUn. (Mitxi | UPV/EHU)

Doktore berrien inbestidura izan zen aurreko astean EHUn, eta horren harira tesien kopuruaren goranzko bilakaera nabarmendu du EAEko unibertsitate publikoak.

‘Campus’ agerkariak emandako datuen arabera, joan den urtean 462 tesi defendatu ziren EHUn, eta urtez urte hazteari uzten ez dion kopurua da. Egun, 66 doktorego programa eskaintzen ditu EHUk, «eta aspalditik 4.000 doktoregai inguru matrikulatzen dira urtero horietan».

Jakintza arloei dagokienez, Gizarte eta Lege Zientziak dira ikasle gehien biltzen dituztenak, eta atzetik Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Artea eta Giza Zientziak. «Azken urteetan, nahiko uniforme ari da mantentzen banaketa hori», zehaztu dutenez.

Ingeniaritzan eta Arkitekturan, gizonak nagusi

Datuek erakusten dute, bestalde, matrikulatuen artean zertxobait handiagoa dela emakumeen kopurua gizonena baino. Hala ere, ezberdintasunak daude jakintza adarrei erreparatuz gero: «Banaketa orekatu hori ematen da Zientzietan, Gizarte eta Lege Zientzietan eta Arte eta Giza Zientzietan. Hala ere, gizonak dira nagusi Ingeniaritzan eta Arkitekturan, alde handiarekin gainera, eta aldiz emakumeak Osasun Zientzietan».

Defendatutako doktore tesien goranzko joera hori 2018. urtetik ematen da, «2020tik 400 baino gehiago izan direlarik». Gotzone Barandika Argoitia EHUko Doktorego Eskolako zuzendariak zehaztu duenez, 2022an 462 doktorego tesi defendatu ziren, EHU seigarren postuan jarriz Estatu espainoleko unibertsitateen artean.

«Ikasle kopurua 4.000 ingurukoa dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke urtean matrikula bakoitzeko 0,12 tesi defendatzen direla», azaldu du Barandikak ratio hori Estatu mailako unibertsitateen ratio bera dela zehaztuz. «Etorkizunean ratio hori nabarmen hobetuko dela uste dugu», adierazi du Barandikak.

«2010ean hasi ziren doktorego-tesiak tutorekidetzan egiten, eta harrezkero, handituz joan da kopurua. Hala, 2019az geroztik, 20tik gora tesi egiten dira era horretan urtero.

70 tesi baino gehiago euskaraz

Hizkuntzari dagokionez, betalde, 2020an 70 doktorego tesi baino gehiago euskaraz egin zirela azpimarratu dute. 2022. urtean, gainera, euskaraz egindako 32 tesietatik 30 nazioartekoak izan direla zehaztu dute.

Era berean, aipamena jasotzen duten tesiak gero eta gehiago direla azpimarratu dute, 2020an 27 izatera iritsiz. «Kanpoko erakundeekin lankidetzan egindako tesien kopuruak ere gailurra jo zuen urte berean», esan dutenez, eta «EHUren berezko ezaugarria da tesi mota hori».