GAUR8
Gaur X urte

Ostiral Santuko Hitzarmena onartzeko erreferendumak egin ziren orain dela 25 urte

25 urte bete dira Ostiral Santuko Akordioa erreferendum baten bidez onartu zenetik. 1998ko maiatzaren 23ean izan zen. Gertaera historiko horrek isla izan zuen Euskal Herriko egoeran ere.

Ostiral Santuko itunak gogoratzeko murala, Belfasten.
Ostiral Santuko itunak gogoratzeko murala, Belfasten. (Liam MCBURNEY | EUROPA PRESS)

1988ko maiatzaren 23an Ostiral Santuko Hitzarmenak onartu ziren Irlandan egindako errefundumen bitartez. Hilabete eta erdi lehenago, apirilaren 10ean, adostutako bi hitzarmenei baiezkoa eman zien biztanleriaren gehiengoak: Iparraldeko Irlandako alderdi gehienek sinatutakoa eta Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Gobernuen artekoa.

Helburua ‘The Troubles’ deitutako gatazkarekin amaitzea izan zen eta Ipar Irlandako bake prozesuan aurrerapenik handienetarikoa izan zen. Subiranotasuna, gobernua, diskriminazioa eta talde militar eta paramilitarrak, justizia eta polizia izan ziren akordioaren erdigune.

Bi erreferendum izan ziren, bat Irlandako Errepublikan eta bestea Ipar Irlandan. Ipar Irlandako boto-emaileei Alderdi Anitzeko Akordioaren alde ote zeuden galdetu zitzaien eta Irlandako Errepublikakoei Estatuak akordioa sinatzea eta beharrezko konstituzio-aldaketak egitea (Irlandako Konstituzioaren 19. zuzenketa) onartuko zuten galdetu zitzaien.

Akordioa gorabehera, 2002an Behin-behineko IRAren ustezko espioitza sare batek Iparraldeko Irlandako autonomia etetea eragin zuen. 2007an, taldearen armagabetzearen ondoren, unionistek eta nazionalistek berriz ere lankidetzari ekin zioten.

Mende laurdena pasata, IRA erakundea, nagusia behintzat, deseginda dago, talde paramilitar unionista gehienak bezala, britainiar soldaduak uharte berdetik urrun,  Sinn Feinn da alderdi bozkatuena iparraldean bezala baita hegoaldean ere ezkerreko diskurtso argi batekin, eta era berean oraindik oso urrun badago ere, inoiz baino gertuago dirudi batasunaren inguruko galdeketak.