Hamairu urte, Israelek Mavi Marmara erasotu zuenetik, hamar hildako eraginez
Gaur hamahiru urte dira nazioarteko uretan Mavi Marmarari, Askatasunaren Flotillaren ontziari, Israelek eraso bortitza egin zionetik. 10.000 tona laguntza humanitario garraiatzen ari zen ontzia eta tripulazioko hamar lagun hil zituzten erasotzaileek.
Gaur hamahiru urte dira nazioarteko uretan Mavi Marmarari, Askatasunaren Flotillaren ontziari, eraso bortitza egin ziotenetik. Gazako kostaldera zihoan, Israelek Gazako lerroan inposatutako blokeoa apurtzeko helburuz.
Gazako lerroa itsasoz, lurrez eta airez blokeatuta zegoen, eta biztanle palestinarrak, konfinatuta. Horri gehitu behar zitzaion 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera bitartean Israelek abiatutako Berun Urtuaren Operazioa: biztanleria zibilaren gainean egindako etengabeko hogeita bost eguneko bonbardaketa, 1.400 hilketa baino gehiago eragin zituena. Hain justu, eraso hau izan zen Askatasunaren I. Flotilla sortzea bultzatu zuena, Gazako lerroaren blokeoa salatu eta hausteko sortu zen nazioarteko koalizioa.
2010eko maiatzaren 31ko goizaldean, 10.000 tona laguntza humanitario garraiatzen zituzten sei ontzik osatutako flotilla Gazako kostatik 90 bat miliara zegoen, Israelgo Armadako hiru fragatek inguratu zutenean. 700 pertsona zeuden Mavi Marmaran, tartean kazetariak eta aktibistak, israeldarrek eraso egin zutenean. Bederatzi pertsona hil zituzten momentuan eta 50etik gora lagun larriki zauritu. Hilabete batzuk beranduago, erasoaren ondorioz koman zegoen beste lagun bat hil zen ospitalean, beraz, hamar heriotza izan ziren guztira.