‘The Great Escape’ film famatua estreinatu zen
Duela 60 urte eman zuten lehenbiziko aldiz pantaila handian ‘The Great Escape’ (euskaraz, ihesaldi handia). John Sturges estatubatuarrak zuzendu zuen, eta garaiko zinemako izar ugarik antzeztu: Steve McQueen, James Garner, Richard Attenborough, James Donald... Ospetsuak dira soinu banda eta Alemaniako landa motoz zeharkatzen duen pertsonaiaren eszena ikusgarria.
1963ko uztailaren 4an estreinatu zen ‘The Great Escape’ gerrako filma, John Sturges estatubatuarrak zuzendu eta ekoitzia. Aktore ospetsu ugari ditu protagonista, Steve McQueen, James Garner, Charles Bronson eta Richard Attenborough, bertzeak bertze. Paul Brickhillen izen bereko liburuaren egokitzapena da, Alemaniako Füssenen grabatua.
Stalag Luft III kontzentrazio esparruko benetako gertakarietan oinarritua dago. 1944a da, Bigarren Mundu Gerran gaude. Poloniako Sagan hiritik hurbil dagoen segurtasun handiko toki honetatik eskapo egitea ezinezkoa zela baieztatzen zuen von Luger koronelak. Abiadore britainiar eta estatubatuarren ihesaldiez nazkatuta, bertan sartu zituzten alemaniarrek 400 preso, denetan okerrenak, sagar ustelak. Tartean Roger Bushell britainiarra, hagitz azkarra eta hainbat ihes saiakeraren ondotik hurbiletik zaindua. Honek plan handi bat jarriko du martxan, 250 preso libre atera daitezen hiru tuneletatik.
Gehienak, harrapatu eta hilak
Aldi berean eginen dituzte hirurak, Tom, Dick eta Harry deituak. Zaindari batek lehena topatzen duenean, Bushellek bigarrena utzi eta ahalegin guztiak hirugarrenean jartzea erabakiko du. Aurreikusitako gauean bukatuko dute azken partea, baina, kalkulu akats bat dela medio, babestuko lituzketen hiru zuhaitzetara iristeko sei metro faltako zaizkie. Bizia arriskatu beharko dute distantzia hori pasatzeko, gauez.
76 lagunek lortuko dute eskapatzea. Suitza, Suedia eta Estatu espainiarrera bidean, gehienak harrapatu eta hil eginen dituzte. Batzuek kontzentrazio esparrura itzuli beharko dute. Hiru soilik aterako dira libre.