GAUR8
Gaur X urte

Shinzo Abe Japoniako presidente ohia hil zuten duela urtebete

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro ohia hil zuten duela urtebete, tiroz, hauteskunde giroan. Alderdi Liberal Demokratikoaren mitin batean parte hartzen ari zen Nara hirian, herrialdearen hego-mendebaldean.

Kaletik zihoazen japoniarrek pantailen bidez jakin zuten lehen ministro ohiaren heriotzaren berri.
Kaletik zihoazen japoniarrek pantailen bidez jakin zuten lehen ministro ohiaren heriotzaren berri. (Toshifumi KITAMURA | AFP)

Shinzo Abek 67 urte zituen, Japoniako lehen ministro ohia zen eta hitzaldi bat ematen ari zen Alderdi Liberal Demokratikoaren ekitaldi batean, herrialdearen hego-mendebaldean dagoen Nara hirian, ezezagun batek tirokatu zuenean. Goizeko hamaika eta erdiak ziren. Bi tiro aditu ziren eta Abe lurrera erori zen. Ospitalera eraman zuten agintari izandakoa, baina handik ordu batzuetara hil zen.

Poliziak susmagarri bat atxilotu zuen, 41 urteko gizonezko bat, Japoniako Armadako kide ohia. Bi egun baino ez ziren falta bozkatzeko.

Abe familia politiko batetik zetorren. Japonian lehen ministro gisa luzeen iraun zuen pertsona izan zen. Gerra ondoko lehen ministro gazteena ere izan zen 52 urterekin lehenengo kargua hartu zuenean, 2006an. Agintean egon zen bigarren aldiaren amaieran, 2020an, osasun arazoak izan zituen eta horregatik utzi zuen postua.

Japoniako Gobernuak gogor kondenatu zuen gertatutakoa. Fumio Kishida lehen ministroak bertan behera utzi zuen hauteskundeetako agenda eta Tokiora joan zen berehala, prentsari kasu egitera.

Mundu osoko agintariek erantzun zioten erasoari. Txinako Kanpo Ministerioko bozeramaileak, adibidez, «hunkituta» zeudela azaldu zuen, baita India eta Pakistango lehen ministroek ere.

Milaka lagunen agurra

Milaka japoniarrek bete zituzten Tokioko kaleak lehen ministro ohia agurtzeko, senide eta hurbilekoek Zojoji tenplu budistan hileta pribatua egin ondotik.

Tetsuya Yamagamik, krimenaren egile gisa atxilotu zuten gizonak, azaldu zuen Moon sekta bezala ezagutzen den elizarekin lotua zegoela uste zuelako egin ziola tiro Aberi, eliza horrek bere familia kaltetu zuelako.

Tokiko poliziak segurtasun akatsak egon zirela onartu zuen, Abe atzetik eraso zutelako, egun argiz.