GAUR8
Gaur X urte

Alfaqueseko kanpineko tragedia, kamioi bat lehertu eta 215 hildako izan ziren 1978an

Gaur bezalako egun batez, 1978an, propilenoz betetako kamioi bat lehertu zen Tarragonako Alfaques herriaren parean eta 215 hildako eragin zituen. Kanpin bat zegoen herritik gertu eta bertara oporretan joan ziren bidaiari asko hil ziren momentuan eta hurrengo egunetan.

Istripuan hildakoen oroimenez egindako murala, herrian bertan.
Istripuan hildakoen oroimenez egindako murala, herrian bertan. (Wikipedia)

Opor usaina uztaila erdialdean amaitu zen askorentzat Tarragonako Alfaques herrian. Gaur 45 urte pasa zen, eguerdiko 14.30ak aldera: kamioi baten leherketak 215 hildako eta ehundaka zauritu eragin zituen. Propilenoz betetako zisterna bat zeraman kamioiak, eta horren eraginez lehertu zen.

Eragindako kalteak kalkulatzea erraza ez bada ere, leherketaren momentuan 103 hildako izan zirela eta momentuan zauritutakoak hurrengo egunetan hiltzen joan zirela esan zuten hedabide eta arduradunek; gorputzeko azalaren %90a errea zuten zauritutakoek. Urtebete beranduago gorpu guztiak izan ziren identifikatuak, bi izan ezik.

‘Cisternas Reunidas’ enpresarena zen kamioia, eta propileno gas sukoiarekin beteta zegoen, Tarragonatik abiatu eta Ciudad Realera zihoan. Gas arriskutsua jasotzen zuen zisternak gehienez 19.350 kilo garraiatzeko muga bazuen ere, 23.470 kilo zeramatzan momentu horretan ondorengo azterketetan peritoek esandakoaren arabera.

Propilenoaren hedapenak hodei zuria eta suzko euria eragin zituen, 2.000 graduren bueltan izandako tenperaturekin. Ezbeharraren momentuan, kamioia bitan zatitu zen. Kabina eta zisternaren zati bat aurrerantz abiatu ziren errepideari jarraituz, eta atzealdea atzerantz, 200 metrora zegoen jatetxe batera iritsi arte; likidoa, berriz, kanpinerantz joan zen eta katean leherketa txiki gehiago eragin zituen, autoen eta kanpineko bonbonen eraginez.

Biktima gehienak alemaniarrak eta frantziarrak ziren, belgikar eta britainiarrak ere bazeuden tartean, oporretara joanak. Hondamendia interes handiz jarraitu zen Europa osoan. Epaiak, zuhurtziaz ez jokatzeko delituagatik, urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zien Enpetrolgo lantegiko arduradunetako biri eta kamioia kargatu zutenei. Absolbitu egin zituen haren jabe ziren Cisterna Reunidas enpresako beste laurak, epaituak izan zirenak.