GAUR8
Gaur X urte

Gaur hiru urte hil zen Lucio Urtubia militante anarkista

Bere ekintza famatuena First National City Bank-i egindako iruzurra izan zen, bidaia-txekeak faltsutuz ("traveler 's cheques" direlakoak), berak egin zituen inprimategiko xaflekin.

2021ean Urtubiari egindako omenaldia.
2021ean Urtubiari egindako omenaldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lucio Urtubia Jimenez 2020ko uztailaren 18an, gaur hiru urte, hil zen Parisen, 89 urterekin. Igeltsero eta militante anarkista izan zen eta Europako ezkerreko taldeekin eginiko lanarengatik oso miretsia izan zen. Baita ekintza zuzena erabili zuelako ere bere aldarrikapenak jendarteratzeko.

Ekintza horietan famatuena bere formazio politikorako dirua biltzeko egin zuena izan zen, First National City Bank-i egindako iruzur batean oinarritua, bidaia-txekeak faltsutuz ("traveler 's cheques" direlakoak), berak idatzi zituen inprimategiko xaflekin. Ehunka bidaia-txeke faltsu banatu ziren Europan eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan 1980ko urtarriletik 1982ko abendura bitartean.

«Dirua berreskuratzeko eragiketak» deiturikoak, City Bank-i egindako iruzurra haien parte izanik, borrokan ari zirenei eta behar zutenei laguntzeko funtsak biltzeko erabiltzen ziren. Faltsutze-azpiegitura desegin ondoren, frantziar Estatuko poliziak ezin izan zituen txekeetako inprimatze-plantxak berreskuratu, eta, ondorioz, City Bankek eta Parisko gobernuak itun bat egin behar izan zuten Urtubiarekin.

Bere bizitza liburu, erreportaje eta filmetan kontatua izan da, eta genero guztietako abestien inspirazioa izan da. Parisen zuen etxea "Espace Louise-Michel"-en (Louise Michel gunea) egoitza da, eta bertan hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak eta zinema emanaldiak egiten dira. Gainera,pertsona ospetsu askorekin batera aritu zen, hala nola Che Guevara, Eldridge Cleaver (Black Panthers taldeko liderra), Albert Camus...