GAUR8
Gaur X urte

Gaur 20 urte hil zen Julen Lekuona idazle eta abeslaria

Artean apaiza zela, Ez Dok Amairuko partaidea izan zen eta abesti gogoangarriak konposatu zituen: "Ez, ez dut nahi", "Ilargira noa" edota "Itsasoan urak handi dire", esate baterako.

Julen Lekuonaren argazkia.
Julen Lekuonaren argazkia. (WIKIPEDIA)

Gaur 20 urte hil zen Julen Lekuona Berasategi idazle, abeslari eta musikagile oiartzuarra. Ez Dok Amairuko partaidea izan zen eta horren maitea zuen gitarrarekin abesti gogoangarriak konposatu zituen. Bereak dira "Ez, ez dut nahi", "Ilargira noa" edota "Itsasoan urak handi dire", esate baterako.

1938ko uztailaren 18an jaioa, atzo bete ziren 85 urte beraz, Donostiako seminarioan ikasi zuen eta gazte hasi zen idazle lanetan: Oiartzungo herri aldizkarian, "Zeruko Argia" astekarian eta "El Diario Vasco" egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerki obrak itzultzen egindako lana ere aipagarria da. Besteak beste, "Kristalezko zooa" (Tennessee Williams) eta "Ertzaina etxean" (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.

Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso omen zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen. Gerora, seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean, eta ezohikoak izaten ziren bere mezak, gitarrarekin kantuan jarduten zuelako.

1963an "Zeruetako gure osaba kantua" aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. Eta urte berean eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen.

1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Victoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin.

Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu.

Caracasen Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak 1965ean, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe. "Eliza pobrea", "Herri bat hiltzen" edo "Iltzaile bat bezala" dira diska horietan jasotako abesti batzuk.

Azken kantu hori Madrilen epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen eta buruhauste handiak ekarri zizkion. Poliziak 1966an Bilbon grabatutako diskaren ale guztiak bahitu zituen, eta Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen. Zigor moduan bere gitarra kendu zion Guardia Zibilak, eta ez omen zuen berreskuratu Franco hil arte, handik hamar urtera.

1972an apaiz izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, nahiz eta gero Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu zen bertso emanaldiak eskaintzenko. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta urte hartan bertan Kontxita Rekalderekin ezkondu zen.

Kantaldiak utzi arren, proiektu desberdinetan parte hartu zuen hurrengo urteetan: Badok hamalau emanaldia Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldia 2000n Kanbon... Disko bat grabatu nahi zuela esan omen zien gertukoei garai hartan, baina 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan.