Gaur 53 urte gertatu zen Urdulizko tren istripua
1970eko abuztuaren 9an Bilbora eta Plentziara zihoazen bi trenek elkar jo zuten eta istripuaren ondorioz 33 pertsona hil ziren eta beste 65 lagunek zauri arin zein larriak izan zituzten. Euskal Herrian inoiz izan den tren istripu larriena dela esan daiteke.
Gaur 53 urte, 1970eko abuztuaren 9an, Plentziako eta Urdulizko geltokien artean tren istripu larria gertatu zen. Bilbora eta Plentziara zihoazen bi trenek elkar jo zuten eta istripuaren ondorioz 33 pertsona hil ziren eta beste 65 lagunek zauri arin zein larriak izan zituzten. Euskal Herrian inoiz izan den tren istripu larriena dela esan daiteke hildakoen kopuruari dagokionez behintzat.
Wikipediak jasotzen duenez tren istripua udako igande eguzkitsu eta sargori batean gertatu zen. Plentziako geltokitik Bilbora bidean zihoan trena beteta zegoen, eguna hondartzan igaro zuen jendearekin hein handi batean. Bestetik, 19.30etan, Urdulizko geltokiko nagusiak Plentziako noranzkoan zihoan bidaiari gabeko tren bati argi berdea eman zion, eta Barrika inguruan aurkako noranzkoetan zetozen bi trenek talka egin zuten.
Ikerketen arabera, 45 kilometro orduko abiaduran egin zuten topo. Trenbideak leku horretan hartzen duen bihurguneagatik gidariak ez ziren konturatu aurkako norabidean beste tren bat zetorrela, ezin izan zuten abiadura jaitsi, eta kolpea oso gogorra izan zen.
Istripua gertatu bezain pronto pertsona ugari hurbildu ziren istripua gertatu zen lekura, eta zaurituak trenetik ateratzen saiatu ziren, ahalik eta azkarren Basurtuko Ospitalera eramateko. Bilbo eta Plentzia arteko ohiko tren bidaiak ez ziren hurrengo egunera arte berriz martxan jarri, suhiltzaileek bi trenen arrastoak trenbidetik kendu arte.
Hildakoen omenezko hileta elizkizuna Derioko hilerrian ospatu zen, eta milaka pertsona bertaratu ziren.