GAUR8

Musika, natura eta surfa, Sopela Kosta Fest jaialdiko protagonista nagusiak

Badator Sopela Kosta Fest jaialdia. Irailaren 22 eta 24 bitartean izango da eta uda, natura, surfa eta kultura uztartuko ditu eskaintzak.

Kartela
Kartela (GAUR8)

Aurten ere musika eskaintza interesgarria prestatu dute Sopela Kosta Fest jaialdirako. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Stay Homas, O 'Funkillo, Olaia Inziarte, Ezpalak, Ibilbedi, Pasadena, Rüdiger, Lorelei Green eta Cecilia Paynek osatuko dute aurtengo eskaintza.

Urtero legez, surfak eta irristatze kirolek leku nabarmena izaten jarraituko dute jaialdi osoan zehar. Horrela, Arriatera-Atxabiribil hondartzan Euskal Surf Zirkuitua, Euskal Herriko Surf Txapelketa eta Euskal Herriko Beteranoen Surf Txapelketa jokatuko dira. Aldi berean, Barinatxe hondartzan III. Open Waveski SKF-BPT eta VI. Kayaksurf SKF-BPT Kopa ospatuko dira. Horrez gain, skate txapelketa eta txikienentzako sorospen tailerra eta surf ikastaro egokitua izango dira, Peñatxuri Surf Eskolaren eskutik.

Bestelakoak ere izango dira; hala nola Sopelako argazki-lehiaketaren hirugarren edizioko erakusketa, kalistenia, parkour eta slackline tailerrak, kometa estatiko eta akrobatikoen erakustaldia edota itsas kantuen errezitaldia esaterako. Halaber, aurten ere ez dira faltako tai chi eta ekialdeko praktiken tailerra. Egitaraua osatzeko haurrentzako tailerrak, hareazko eskulturak egiteko jarduera, hegaluzearen eta sagardoaren dastatze gastronomikoa, urpekaria eta antzezlanak izango dira besteak beste.

Bestalde, edizio berri honek herriko Burdin Hesiaren hondarrak eta Sopelako Eraztun Berdea (Kiribile elkartearen eskutik) ezagutzeko bisita gidatuak ekarriko ditu, baita Meteoritoaren Aztarna izeneko ibilbide geoturistiko gidatua eta Flyscheko itsaslabarretara bisita gidatua ere.

Programa osoa irailaren batean jarriko dute www.sopelakostafest.com webgunean eta jarduera desberdinetan izena emateko aukera izango da irailaren 11tik 19ra bitartean.