GAUR8

‘Euskal kulturaren nazioarteko atea’ erakusketa, Mungian ikusgai

Mungiako Torrebillela Kultur Etxeak ‘Euskal kulturaren nazioarteko atea’ erakusketa hartuko du irailaren 18ra arte. Bilboko Euskal Museoan egongo den erakusketaren aurrerapen gisa, euskal kultura eta iragana uztartzen ditu kanpoaldean ikusgai egongo den panelen bildumak.

Mungiako Torrebillela Kultur Etxearen kanpoaldean bisitatu ahal da erakusketa.
Mungiako Torrebillela Kultur Etxearen kanpoaldean bisitatu ahal da erakusketa. (Mungiako Udala)

Irailaren 18ra arte, Mungiako Torrebillela Kultur Etxearen kanpoaldean, ‘Euskal kulturaren nazioarteko atea’ erakusketa ikusi ahal izango da. Bilboko Euskal Museoak antolatuta, 20 panelek osatzen dute Bizkaiko hainbat udalerritatik igaro den erakusketa.

Panel horietan, iraganeko hainbat elementu islatzen dira. ‘Azkonarra’ kanpaitxoz apiandutako forjazko piezaren irudia da, esaterako, ikus daitekeenetako bat.

Arreoa garraiatzen zuen eztei-gurdiaren uztarriaren gainean jartzen zen, eta ‘Azkonarra’ du izena, larru horrekin estaltzen baitzen, «begizkoitik babesteko eta ezkonberriei zortea emateko. Kanpaitxoen hotsak idien lepokoenak eta gurdiaren gurpilen kirrinkak jendea ohartarazten zuten segizioaren ibileraz».

‘Linterna magikoa’ ere ikusi ahal izango du bisitariak panel horietan. «Ricardo Bastida (1878-1953) arkitektoaren familia-etxebizitzan zegoen gailu optikoa, zinematografaren aitzindari zena».

‘Euskal arrantzaleak’ Alberto Arrue Vallek XX. mendeko lehen hamarkadetan egindako bi euskal arrantzaleren pintura ere ikus daiteke.

Bilboko Euskal Museoan ikusgai egongo den erakusketa erdiiraunkorraren hautaketaren zati txiki bat aurreratzen da egunotan Mungian helburu bikoitzarekin: funtsen aniztasuna eta aberastasuna erakustea, «garai, testuinguru era gizarte esparru desberdinak islatzen dituen aukeraketa» baten bidez, eta «euskal kulturaz gozatzeko gune bat hurbiletik ikusi ahal izatea».

Erakusketa 9.00etatik 14.00etara biistatu ahal izango da.