GAUR8

Marrualdia dela eta, ibilgailuen zirkulazioa eta jarduerak mugatuko dituzte Gorbeiako Parkean

Arabako Foru Aldundiak trafikoa eta hainbat jarduera mugatuko ditu Gorbeiako Parke Naturalean marrualdiak iraun bitartean. Irailaren 4tik urriaren 8ra arte egongo da indarrean araudi berezia. Diputazioak nabarmendu duenez, neurriak «emaitza ezin hobeak» eman ditu, espeziea hobetu eta kalteak murrizteko.

Irailaren 4tik urriaren 8ra ezarriko dira mugak hainbat jardueratan marrualdiagatik.
Irailaren 4tik urriaren 8ra ezarriko dira mugak hainbat jardueratan marrualdiagatik. (Arabako Foru Aldundia)

Irailaren 4tik urriaren 8ra ibilgailuen zirkulazioa, beste erabilera batzuk eta jarduerak mugatuko ditu Arabako Foru Aldundiak Gorbeiako Parke Naturaleko oreinen marrualdiak dirauen bitartean. Zuia eta Zigoitia udalerriei eragiten die.

Diputazioko iturriek nabarmendu dute hartutako neurri horri esker, «emaitza ezin hobeak» lortu direla espezie horren kudeaketa planaren barruan, eta, horri esker, espeziea hobetu dela eta eremuko kalteak murriztu direla.

«Oreinen sakabanatze geografikoa saihesteko eta ugaltzeko garaian edo marrualdietan hautespen naturalaren alde egiteko helburu bikoitzarekin, beharrezkoa da espeziearentzat kritikoa den aldi horretan zehar ahalik eta gehien murriztea kanpotik datozen nahasmenduak», zehaztu dutenez.

Egur, larre, luberritze aprobetxamendu edo ikerketa zientifiko baimenduen kasuan izan ezik, debekatuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa. Marrualdian zehar igarotzeko mugak dituzten pistak eta bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta zaldizko ibilbideek eta mendiko bizikletaz egindakoek ere parkeko arduradunen baimena beharko dute.

Era berean, perretxikoak eta basafruituak biltzea debekatuta dago aldi horretan, marrualdiaren eremuan, bai eta premiazkoak ez diren basogintza jarduerak ere, hala nola sastrakak kentzea, bakanketak edo mehazketak. Parkeko kudeaketa organoak muga horien berri eman die dagoeneko udalei, administrazio batzarrei eta eraginpeko ehiza esparruei.

Ikusteko gaitutako guneak

Arabako Foru Aldundiak gogorarazi du marrualdia ikusi nahi duten pertsonek horretarako gaitutako gune berezietan egin beharko dutela, alegia, entzuteko, behatzeko, argazkiak egin eta filmatzeko behatokietan. Leku horietan, gainera, derrigorrezkoa da zenbait arau betetzea, besteak beste, isilik egotea, ez mugitzea, oreinengana ez hurbiltzea edo linternak, fokuak eta flashak ez erabiltzea.

Irudiak bidexketatik kanpo grabatzeko jarduerek Parke Naturalaren berariazko baimena izan beharko dute. Baimen horrek lekuak, ordutegiak eta portaera arauak zehaztuko ditu.

Marrualdi sektorearen mugaketa honela egongo da banatuta: iparraldean, Arabaren eta Bizkaiaren arteko banalerroa, Arraldeko Haitzetatik (Zuia) eta Leizarandatik (Zigoitia); ekialdean, Murua herritik ‘Leizaranda’ dermioraino, Gorbeiako harrobietara doan pista eta hortik aurrera; hegoaldean, A-3610 errepidearen eta Gasteiz-Altube N-622 autobiaren gainean dauden Gorbeiako baso masen behealdeko bazterra, honako herri hauen lurretan: Murua, Manurga, Zarate, Aretxaga, Markina eta Sarria, eta mendebaldean, Baia ibaiarekin paralelo doan pista, Sarria herritik ‘Arraldeko haitzak’ ingururaino.