GAUR8
Gaur X urte

Gaur 39 urte Discovery espaziora jaurti zuen NASAk, erakundeak eman duen transbordadore arrakastatsuena

NASAk gaur 39 urte jaurti zuen espaziora lehenengoz Discovery transbordadore espaziala. 26 urtez funtzionatu zuen eta hainbat misio garrantzitsu egin zituen 2010ean azken bidaia egin zuen arte. Discovery izan zen, kasurako, Hubble teleskopioa jaurtitzeko arduraduna.

Discovery transbordadorearen irudia.
Discovery transbordadorearen irudia. (WIKIMEDIA)

1984ko abuztuaren 30ean, gaur 39 urte, NASAk Discovery transbordadore espaziala jaurti zuen Estatu Batuetako Cañaveral lurmuturretik. Transbordadore hau NASAko flotan egon ziren hiru ontzietako bat da, Atlantis eta Endeavourrekin batera, baina hauek baino arinagoa. Discovery-k sateliteak ikertzeko eta muntatzeko misio ugari egin zituen, baita Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS) eraikitzeko lanak ere.

Transbordadorea lehenengoz espaziora jaurtitzeko misioa, hasiera batean, ekainaren 25erako zegoen pentsatuta, baina zenbait arazo tekniko zirela eta, abuztuaren 30ean egin zen.

Discovery transbordadorea izan zen Hubble teleskopio espaziala jaurtitzeko arduraduna, 1990ean. Ulysses zunda eta hiru TDRS sateliteak ere jarri zituen orbitan. Halaber, Mercury programaren barruan, John Glenn astronauta espaziora eraman zuen transbordadoreak. Une horretan, 77 urte zituen eta, beraz, espaziora iritsi den pertsona zaharrena bihurtu da.

Horrela, Discovery da astronauta gehien garraiatu dituen eta misio gehien egin dituen NASAko transbordadore espaziala. Baita transbordadore zaharrena ere: 2010ean, 26 urtez funtzionatu ostean, bere 39. eta azken misioa egin zuen.