Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor, hegats igeriketan murgilduta

Master mailan hiruna domina irabazita itzuli ziren bi tolosarrak ekainaren amaieran Kairon jokatu zen hegats igeriketako Munduko Txapelketatik. Kirol ezezagun honi buruz gehiago jakin nahi izan dugu beraien eskutik.

Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor tolosarrek bizitza osoa daramate hegats igeriketan. Ekainaren amaieran master mailako (beteranoak) Munduko Txapelketan izan ziren Kairon, Egipton, eta emaitza bikainak lortuta itzuli ziren Euskal Herrira: Mongek urrezko hiru domina irabazi zituen M55 mailan eta Manzisidorrek zilarrezko beste hiru domina, M50 mailan.

Baina emaitza konkretu horietatik harago, nabarmentzekoa da Mongek eta Manzisidorrek, beste batzuekin batera, urte luzez hegats igeriketa Euskal Herrian garatu eta ezagutarazteko egin duten lana. Estatu espainiarrean ere aitzindariak izan dira kirol honetan, eta egindako ibilbideaz jardun gara biekin luze eta zabal larunbatean argitaratuko dugun erreportajean.

«Ni hasieratik nabil, eta Gregorio ere urte gutxira sartu zen», dio Mongek kirol honetan egindako ibilbide luzea gogoratuz. «Nik Igarondo elkartean egiten nuen igeri, eta 1977. edo 1978. urte inguruan pertsona batzuk hegats handi batzuekin igeri egiten hasi ziren. Probatu nuenean, asko gustatu zitzaidan ematen zuen abiadura sentsazioa eta ‘honetan jarraitu behar dut’ pentsatu nuen. 1981ean elkartean hegats igeriketako sekzio bat sortu zen. 1996ra arte Igarondon sekzio bezala egon ginen, eta urte hartan talde bat aparte sortu genuen: Igarondo Urpekoak elkartea. Eta gaur arte. Atera kontuak: 45 urte dagoeneko hegats igeriketa lantzen».

Argi utzi behar delako igeriketa klasikoarekin alderatuta oso desberdina dela. «Nik igeriketa klasikoa egin nuen 18-19 urtera arte, maila polit batean esango dugu, eta orduan probatu nuen hegats igeriketa. Eta hasi nintzenean pentsatzen nuen: ‘ba, nire sasoiarekin, erraz irabaziko diet hauei’. Eta ez. Teknika oso desberdina da eta horretara moldatzeko egin behar den lan fisikoa ere bai», jarri du Manzisidorrek bere burua adibide moduan.