GAUR8
Gaur X urte

Gaur 45 urte Camp Davideko Hitzarmenak sinatu ziren

Menahem Begin Israelgo lehen ministroak eta Anuar as Sadat Egiptoko lehendakariak sinatutako hitzarmena da, 1978ko irailaren 17an. Akordioa mugarri garrantzitsua izan zen Israelen eta herrialde arabiarren arteko gatazkari irtenbide baketsua emateko. Eztabaidak ere sortu zituen.

Ezkerretik eskuinera Menahem Begin, Jimmy Carter eta Anuar as Sadat Camp Daviden, AEBetan.
Ezkerretik eskuinera Menahem Begin, Jimmy Carter eta Anuar as Sadat Camp Daviden, AEBetan. (Wikipedia)

Camp Davideko Hitzarmenak Menahem Begin Israelgo lehen ministroak eta Anuar as Sadat Egiptoko lehendakariak sinatutako akordioak dira, Jimmy Carter AEBetako presidentearen bitartekaritzarekin. 1978ko irailaren 17an izan zen, Camp Daviden, AEBetan. Akordioa mugarri garrantzitsua izan zen Israelen eta herrialde arabiarren arteko gatazkari irtenbide baketsua emateko.

Sinatutakoak eskualdean bakea lortzeko oinarrizko printzipio batzuk ezarri zituen. Besteak beste, Israelek Sinain hartutako lurraldeak Egiptori itzultzea, Egipto eta Israelen arteko harremanen normalizazioa, palestinarren autonomia Zisjordanian eta Gazako Zerrendan, eta segurtasunarekin eta lankidetza ekonomikoarekin lotutako beste gai batzuk.

Camp Davideko Hitzarmenak eragin iraunkorra izan zuen eskualdean, Israelen eta bertako bizilagun arabiar baten arteko lehen bake-akordioa izan baitzen. Hala ere, eztabaidak eta tentsioak ere sortu zituen, batez ere, palestinarren auziari eta Israelek okupatutako lurraldeen estatusari dagokionez.

Akordioek nolabaiteko egonkortasuna ahalbidetu bazuten ere, kritikak eta erronkak ere eragin zituzten tartean zeuden herrialdeen barruan eta eskualde osoan. Izan ere, akordioan Egiptok Israelgo Estatuaren existentzia onartu zuen, eta haiek izan ziren mundu arabiarreko lehen herrialdea hori egiten, eta horrek gainerako herrialde arabiarren atsekabea ekarri zuen.

Herrialde arabiarren batasunaren haustura

Horrek herrialde arabiarren batasunaren haustura ekarri zuen, Israelen aurkako baldintzarik gabeko oposizioan, eta Egiptok aktore independente gisa zuen nazioarteko posizioa indartu zuen.

Hala, gainerako herrialde arabiarrek ez zuten hitzarmena errespetatu eta Arabiar Ligatik bota zuten Egipto. 1978an Bakearen Nobel saria eman zieten Sadati eta Begini Camp Davideko akordioa izenpetzeagatik.