GAUR8

Asteklima Klimaren eta Energiaren IV. Astea hasiko da ostiralean eta 230 jarduera antolatuko ditu

Asteklima Klima eta Energiaren Asteak 230 jarduera baino gehiago eskainiko ditu ostiraletik aurrera, energia trantsizioari lotutako erronkez kontzientziatzeko. Tokian tokiko erakundeen eta herritarren ekintzetan jarri nahi dute fokua aurten, egunerokoan konpromisoak hartzeko eta gizartea mobilizatzeko.

Asteklimaren egitaraua ostiralean abiatuko da eta urriaren 1ean itxiko da.
Asteklimaren egitaraua ostiralean abiatuko da eta urriaren 1ean itxiko da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asteklima Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa ostiralean hasiko da, irailaren 22an, eta 230 jarduera inguru antolatuko ditu urriaren 1era bitarte, herritarrak klima eta energia trantsizioaren aurrean kontzientziatzeko eta mobilizatzeko asmoz.

Ihobe ingurumen hobekuntzarako sozietate publikoaren eta EAEko Energiaren Euskal Erakundearen bitartez Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako ekimena da Asteklima.

Tokian tokiko ekintzan eta herritarren ohituretan jarriko du arreta hamar egunez, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren erronkari buruz sentsibilizatzeko eta herritarren agendan jartzeko, «ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da» mezuarekin.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekimenaren helburuarekin bat datozen era guztietako jarduerak eta ekitaldiak antolatuko dira, eta 55 toki erakundek eta zazpi eskualde erakundek parte hartuko dute, 935.665 biztanle biltzen dituztenak.

Bizkaian 21 udalek eta Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak hartuko dute parte; Araban, 18 udalerrik eta Aiara, Gorbeia eta Añanako kuadrillek, eta Gipuzkoan, 16 udalek eta Tolosaldea Garatzen, Urola Garaiko Garapenaren Agentzia eta Sasieta Mankomunitateak.

Antolatuko diren jardueren artean tailerrak eta erakusketak daude, baita hitzaldiak, antzerkiak, ihes gelak, kontu kontalariak, bisita gidatuak eta bideo eta argazki lehiaketak, publiko guztientzat.

Ekintza horien bidez, parte hartzaileak klima aldaketak dakartzan erronketan murgildu ahal izango dira, eta tokian tokitik ekiteak duen garrantzia ulertu ahalko dute, klimaren eta energiaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Asteklimaren laugarren edizioak presentzia berezia izango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bederatzi udalerritan, Ihobek, Energiaren Euskal Erakundeak, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatutako Asteklima Azoka hartuko baitute, klimaren aldeko ekintzari buruz sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko.

Azoka ibiltaria izango da Bilbon, Donostian, Gasteizen, Bermeon, Trapagaranen, Bakion, Irunen, Zarautzen eta Azpeitian.

Azokak hainbat karpa izango ditu, klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisia eta kontsumoa, Urban Klima proiektua eta gizarteko gainerakoen konpromisoekin bat egingo duen konpromiso pertsonala formalizatzeko modua jorratuko dituztenak, besteak beste.