GAUR8

Bakailao pintxo solidarioak salduko dituzte Basaurin, STXBP1 Sindromea Elkartearen alde

Basauriko Merkatari Elkarteak bat egingo du urriaren 8an, Basauriko jaien testuinguruan, herriko haur batek pairatzen duen gaixotasun arraroaren ikerketa bultzatzeko antolatutako ekimen solidarioarekin. Urriaren 8an da hitzordua, eguerdian, San Isidro Plazan.

Bakailaoa izango da pintxo solidarioen protagonista.
Bakailaoa izango da pintxo solidarioen protagonista. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Basauriko Merkatari Elkarteak bat egingo du Herriko taldeak (jaietako koadrilak) STXBP1 Elkartearen alde antolatu duen ekimenarekin. Ohar batean, parte hartuko duela iragarri eta azaldu du urriaren 8an San Isidro Plazan izango den bakailao dastatze herrikoian postu bat jarriko dutela. Bertan, bakailao pintxoa eta ardoa euro batean salduko dute.

Bilduko den dirua Thiago hiru urteko haur basauritarrak pairatzen duen sindromearen aurreko terapia genikoaren ikerkuntzara joango da. Azaldu dutenez, neurogarapenean eragin larria duen gaixotasun genetikoa da STXBP1 Sindromea. Gaur egun 53 kasu ezagutzen dira Estatu espainolean, eta 750 inguru munduan.

Tratamendu eraginkorren bila

Eritasuna pairatzen duten zazpi familiak sortu zuten elkartea 2016an, gaixotasunari ikusgarritasuna eman, familiei laguntza eskaini eta ikerketa proiektuak sustatzeko.

Zehaztu dutenez, diagnostiko goiztiarrak dira gakoetako bat, eta gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta tratamendu eraginkorra bilatzea dira proiektuaren helburu nagusietako batzuk.

«Gaixotasuna ikusaraztea eta terapia genikoa finantzatzeko dirua lortzen lagundu nahi dugu», adierazi du merkatarien elkarteak.

Thiagoren aldeko pintxo solidarioen salmenta 12.00etatik aurrera egingo da San Isidro Plazan, San Jose ikastetxearen ondoan.