GAUR8
Gaur X urte

Duela 94 urte jaio zen Jose Luis Alvarez ‘Txillardegi’ euskaltzalea

1929ko irailaren 27an jaio zen Jose Luis Alvarez ‘Txillardegi’ donostiarra. ETAren sorrerako kide izan zen eta euskara batuaren bultzatzaile, aberria eta hizkuntza korapilatuz ulertzen zuen Euskal Herriaren askapena.

 

Jose Luis Alvarez 1929an jaio zen, gaurko egunez.
Jose Luis Alvarez 1929an jaio zen, gaurko egunez. (Jon Urbe | FOKU)

Jose Luis Alvarez Enparantza, ‘Txillardegi’ izenez ezagunagoa, duela 94 urte jaio zen Donostian, hil ere bertan egin zen, 2012ko urtarrilaren 14ean, 82 urte zituela. Ingenieritzako ikasle zelarik murgildu zen militantzia politikoan, eta bere bizitzan zehar parte hartu zuen EKINen, ETAren zein Aralar alderdiaren sorreretan. Bizitza guztian aritu zen euskararen alde lanean, euskara batuaren bultzatzaile nagusienetariko bat izan zelarik.

Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi eta bere kabuz ikasten hasi zen 1948an. Bilbora joan zen ikastera eta bertan sortu zuen EKIN taldea hainbat ikaskiderekin batera, gerora ETA izango zenaren aurrekaria.

1956an Ferrolen soldaduska egiten ari zela idatzi zuen ‘Leturiaren egunkari ezkutua’, lehen euskal nobela modernotzat jotzen den liburua. Urtebete beranduago urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta bi urteren buruan Euskaltzaindiaren Laguntzaileak taldeko idazkaria izan zen. Baina, inoiz ez zuen lortu euskaltzain oso izatea, nahiz eta hiru aldiz proposatua izan zen.

Gipuzkoako Foru Aldundian euskal literatura eskolak ematen hasi zen, eta bere militantzia politikoaren ondorioz, 1961ean frankismotik ihesi Ipar Euskal Herrira joan zen; ondoren, Paris, Brusela eta Waterloonen bizi izan zen 16 urtez. Hazparnera itzuli zen 1962an eta Euskal Idazkaritza Elkartea sortu zuen Baionan, helburua euskara batua sustatzea zelarik, eta euskara batuaren oinarriak adostu zituzten bertan.

V. biltzarraren ondoren ETA utzi zuen eta bere euskalzaletasunari eutsiz munduan zehar hizkuntzalaritzan sakontzen joan zen, Euskal Herrira itzultzerakoan unibertsitateko irakasle izatera igaro zen.