Andoni Egañak 62 urte bete ditu gaur
Gaurko egunez jaio zen Zarautzen 1961ean Andoni Egaña, Bertsolari Txapelketa Nagusia lau aldiz irabazi duen bertsolari bakarra. Baina txapelketetan lortutako emaitzetatik haratago, bertsolaritza munduan egindako ekarpen garrantzitsu eta askotarikoak nabarmendu behar dira.
Andoni Egaña Makazaga Zarautzen jaio zen 1961eko urriaren 2an, beraz gaur beteko ditu 63 urte. Bertsolari bikaina izateaz aparte, idazlea ere bada eta hainbat komunikabidetan kolaboratu izan du azken hamarkada hauetan. Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskaltzain urgazlea.
Egañak lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, historian beste inork lortu ez duena, eta lau txapelak jarraian irabazi zituen gainera: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean. Beste hiru finaletan ere izan da: 1986an, 1989an eta 2009an.
Baina txapelketetan lortutako emaitzetatik haratago, bertsolaritza munduan egindako ekarpen garrantzitsu eta askotarikoak nabarmendu behar dira. Bertsolaritza eta bertso plaza garai berrietara moldatu zuen belaunaldikoa da, Bertsozale Elkartearen sorrera eta garapenean ere pertsona oso garrantzitsua izan da, eta bertsolaritzaren inguruan egin dituen ikerketa lanak aitzindariak izan dira arlo askotan.
Bertsoaren sorkuntza prozesuaren inguruan ere asko teorizatu du, esaterako, eta ikerketa zientifikoetan ere parte hartu izan du. Baina arlo teorikoaz gain, urte askoan plaza gehien egin dituen bertsolaria ere izan da.
Ia lau hamarkada daramatza plazan bertsotan, eta denbora horretan garai bakoitzeko bertsolari esanguratsuenekin aritzeko aukera izan du. Sebastian Lizasorekin osatu izan duen bikotea da agian gehien errepikatutakoa, baina Maialen Lujanbio edo Amets Arzallusekin ere auskalo zenbat plaza egin dituen azken urteotan.
Telebistarako gidoiak idazten, telebista saioetan kolaboratzen, egunkarietan iritzi artikuluak idazten, musika proiektu desberdinetan kolaboratzen, euskararen aldeko mugimenduetan... Hainbat esparru landu ditu Egañak eta literaturan ere aipagarria da bere ekarpena.
"Sokratikoek ere badute ama" ipuin bilduma argitaratu zuen 1989an, eta 1999an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen "Pausoa noiz luzatu" eleberriarekin. Jon Sarasuarekin batera idatzitako "Zozoak beleari" saiakera liburua edota "Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak" lana, Sarasuarekin eta Joxerra Gartziarekin elkarlanean, erreferentzia dira bertsolaritzaren inguruko argitalpenen artean.