GAUR8
Gaur X urte

Duela 56 urte hil zuten Bolivian Ernesto ‘Che’ Guevara

Ernesto ‘Che’ Guevara iraultzaile argentinarra Bolivian hil zuten 1967ko urriaren 9an, gaur 56 urte. Hainbat urte bere gorpua non zegoen jakin gabe, 1997an Kubara heldu ziren ‘Che’-ren gorpuzkiak, eta Santa Claran eraikitako mausoleo batean lurperatu zituzten.

Ernesto 'Che' Guevararen gorpuzkiak hil zuten egunean, La Higuerako eskolatxoan.
Ernesto 'Che' Guevararen gorpuzkiak hil zuten egunean, La Higuerako eskolatxoan. (Gustavo VILLOLDO | CIA | WIKIMEDIA COMMONS)

Ernesto ‘Che’ Guevara iraultzaile argentinarra Bolivian hil zuten 1967ko urriaren 9an, 39 urte zituela. Boliviako armadak modu klandestino eta sumarioan atxilotu eta exekutatu zuen, CIArekin elkarlanean.

Borroka armatua hirugarren mundu osoan zabaldu behar zela sinetsita, Latinoamerikako hainbat herrialdetan gerrillarien «guneak» jartzea bultzatu zuen. 1965 eta 1967 artean Kongon eta Bolivian ibili zen borrokan.

1967an, Boliviako Armadak Ernesto ‘Che’ Guevara harrapatzea lortu zuen operatibo militar batean. Urriaren 9an hil zuten ‘Che’ Guevara La Higuerako eskolatxoan eta hilotza egun bat beranduago eraman zuten Vallegrandeko Señor de Malta Ospitalera helikopteroz.

28 urtez ‘Che’ Guevararen gorpuaz ez zen ezer jakin. Inork ez zekien non zegoen, militar boliviar batek gerrillariak non lurperatu zituzten azaldu zuen arte eta, honi esker, aberriratu ahal izan zituzten. Vallegranden badago hilerri bat haien oroimenez, nahiz eta benetako hilotzak Kuban dauden.

Hain zuzen, ‘Che’ Guevararen gorpuzkiak 1997an heldu ziren Santa Clarara, bere heriotza eta 30 urte ondoren. Hiri honetan inauguratu zen gerrillari famatuari eskainitako mausoleo bat. 1967an, Fidel Castro ‘Che’-ren laguna eta orduko Kubako lehen ministroak «Gerrillari heroikoaren eguna» ezarri zuen argentinarraren omenez.