GAUR8

Enkarterriko Mankomunitateak Lanestosan ospatuko du urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna

Lanestosan ospatuko du igandean Enkarterrik Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Emakume ekoizleen merkatua egongo da, herrian zeharreko bisita gidatuak, hainbat tailer eta herri kirolak ere.

Lanestosan izango da landa eremuko emakumeak omentzeko jaia Enkarterrin.
Lanestosan izango da landa eremuko emakumeak omentzeko jaia Enkarterrin. (Lanestosako Udala)

Enkarterriko Mankomunitateak bigarren urtez jarraian ospatuko du Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna. Igandean izango da, Lanestosan, hiribildu bizkaitarraren xarmak ezagutarazteko ere baliatu nahi duten hitzorduan.

Mankomunitatea osatzen duten hamaika udalen laguntzarekin (Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Turtzioz, Sopuerta eta Zalla), Berdintasun Arloak hainbat jarduera programatu ditu, historian zehar landa-garapenaren giltzarri izan den emakumearen papera nabarmentzeko.

Emakume ekoizleen merkatu bat izango da jarduera nagusia. Lehen sektoreko salmenta postuak eta eskulanak bilduko ditu, 11.00etatik 14.00etara. Eguerdian, 250 lagun bilduko dituen herri bazkaria egingo dute, eta bertan, omenaldi bero bat egingo zaie Enkarterrirako erreferente izan diren edo diren landa-eremuko emakumeei.

Goizean zehar egurrezko jolasak eta gaztelu puzgarriak izango dira haurrentzat, eta Lanestosako dantzariek eta Karrantzako Abesti Lagunak taldeak harrera egingo diete inguruko herrietatik heldutakoei, abesti herrikoi eta aldarrikatzaileak abestuz.

Izan ere, Mankomunitateak doako autobusak jarri ditu udalen eskura, jardunaldi honetan parte hartu nahi duten pertsonen joan-etorriak errazteko.

Eskualdeko emakumeei buruzko dokumentala

Eguna Enkarterriko emakumeen errealitateari buruzko erakusleiho ere izan dadin, 11.45ean eta 13.15ak arte eskualdeko emakumeei buruzko dokumental bat proiektatuko da eta ondoren solasaldi bat egingo da. Proiekzioan protagonistek eta Helena Perez Barrio zuzendariak parte hartuko dute.

Gainera, 12.00etatik 14.00etara Lanestosa ezagutzeko aukera izango da bisita gidatuen bidez. Bisita horietan herriko garbitoki zaharra nola erabiltzen zen erakutsiko da.

Eguerdian, Karrantzako Ama Orea elkarteko Erika Yurrek bere produktuen aurkezpena eta dastaketa egingo du. Gainera, sasoiko fruta-brotxetak egiteko tailer bat egingo da familian, eta 12.30ean zeramikazko beste tailer bat.

Granja Murrietako Itziar Zubizarretaren txanda 12.30ean izango da. Bere proiektuaren berri emango du eta bere ustiategian egindako jogurt artisauak dastatzeko aukera eskainiko du. Jaiari jarraipena emateko, emakumezko herri kirolen erakustaldia egingo da 13.15ean, eta talo tailer familiarra.