GAUR8
Gaur X urte

Gaurko egunez hil zen Koldo Mitxelena, 1987an

1987ko urriaren 11n hil zen Koldo Mitxelena hizkuntzalari errenteriarra. 1936ko gerran parte hartu eta espainiar Estatuko hainbat kartzelatik igaro ondoren, 1968an euskara batuaren oinarriak ezarri zituen Arantzazuko Batzarrean.

Bartzelonako Unibertsitateak Mitxelena Honoris Causa izendatu zuenean, 1984. urtean.
Bartzelonako Unibertsitateak Mitxelena Honoris Causa izendatu zuenean, 1984. urtean. (ERRETERIAKO UDAL ARTXIBOA)

Gaur 36 urte hil zen Koldo Mitxelena euskal hizkuntzalaria, 72 urte zituela. Bera da 1968ko Arantzazuko Batzarraren euskararen batasunaren bultzatzaileetako bat.

Hogeita bat urterekin joan zen gudari. Santoñan preso hartu zutelarik, heriotzara kondenatu zuten. El Dueson, Larrinagan eta Burgosen egin zuen espetxealdia. Saiatu zen ikasketa unibertsitarioei heltzen, baina ezinezkoa izan zuen. Burgosen igaro zituen bost urteak latina, grekoa, frantsesa eta ingelesa ikasteko baliatu zituen.

Errenteriara itzuli eta zituen aurrekari penalak tarteko ezinezkoa zitzaion lan finko bat aurkitzea. Eskualdeko ikastetxeetan latina, matematikak eta zernahi den erakusten ibili ondoren herriko enpresari batek Madrilen eskaini zion lana, baina Galeuska berrantolatzen hasi zirela-eta, bigarrenez eraman zuten espetxera.

1948an atera zen kartzelatik, Matilde Martinez de Illarduyarekin ezkondu eta libretik matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letrak fakultatean.

Euskararen arloan etapa berri bat zabaldu zuen Mitxelenak. 1952an sartu zen Euskaltzaindian eta erakundeak 1968ko urriaren 3, 4 eta 5erako deitu zuen euskararen batasunari buruzko batzarra Arantzazun, eta horretan hartu zuen parte Mitxelenak, euskara batuaren oinarriak ezarri zituena.