GAUR8

Kapanagaren legatua Otxandion eta ‘Sorginen prestaketak’ Zaldibarren, asteburuan

Bittor Kapanagaren legatua Otxandion eta sendabelarren ezagutza eta erabilera Zaldibarren, bi proposamen larunbaterako eta iganderako, hurrenez hurren, Gerediaga Elkarteak ondare inmaterialaren inguruan antolatutako ekimenen egitarauan.

Sendabedarrekin ukendua egiten erakutsiko dute Zaldibarren.
Sendabedarrekin ukendua egiten erakutsiko dute Zaldibarren. (Gerediaga Elkartea)

Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan, Gerediaga elkarteak Durangaldean antolatutako bi hitzordu izango dira asteburuan. Larunbatean, Bittor Kapanagaren legatua izango da protagonista Otxandion. Hitzaldia eta kantaldia egingo dituzte bertan. Euskaltzale otxandiarrak euskaran oinarritutako teoriak ezagutzeko parada emango du, baita berak sortutako abestiak entzuteko ere.

Hitzorduari amaiera emateko sua piztuko dute, txitxiburduntziaren jatorria ezagutu eta dastatzea egiteko.

Otxandiotik Zaldibarrera joango dira igandean ondare inmaterialaren inguruan Gerediagak antolatutako jarduerak. Mendetan zehar sendabelarrek izan duten garrantzia eta horien erabileraren inguruko ezagutzaren transmisioa nabarmendu nahi ditu bigarren ekimen horrek. Urriaren 15ean izango da, Zaldibarren, eta ibilbide batekin abiatuko da, 11.30ean. Ondoren tailerra egingo dute.

Mentxu Amunategi izango da gidaria, aurreratutakoaren arabera. Haren eskutik, belarrak ezagutzen eta erabiltzen ikasteko aukera egongo da. «Landareak txikitu eta sutan jarrita ukendu bat prestatuko dute parte hartzaileek amaieran», zehaztu dute. Doako ekitaldia da eta Zaldibarko Udalaren laguntza du. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena ondareabizkaia.eus webgunean, lekua mugatua delako.