GAUR8

Unai Elorriaga eta Leire Bilbao, sarien «zama» hizpide izango duen solasaldian Bilbon

Sariek idazleen ibilbidean izan ditzakete eraginez hitz egingo dute gaur Unai Elorriagak eta Leire Bilbaok Bidebarrietako liburutegian. Hitzaldia 19.00etan da eta streaming bidez jarraitu ahal da Bidebarrieta Kultugunearen YouTubeko kanalean.

Leire Bilbao, artxiboko irudian.
Leire Bilbao, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak ‘Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean’ zikloaren saio berria eskainiko du gaur (hilak 17), Unai Elorriaga eta Leire Bilbao idazle bizkaitarren parte hartzearekin. Literatur sariek egileengan duten zama aztertuko dute. Yolanda Mendiola kazetariak gidatuko du solasaldia.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskadi Literatura sariak, Literaturako Nobel saria edota Poesiako eta Haur eta Gazte Literaturako Espainiako sari nazionalak eman berri diren hilabetean, sariek orokorrean sarituen ibilbide literarioan nola eragin dezaketen azalduko dute saioan: zer sentitzen den saria jasotzean, zein neurritan izan daitekeen «atseden ekonomiko bat» ibilbide literarioan, nola bizitzen den ondoren maila eman behar izatearen presioarekin edota nola egokitzen diren balorazioak.

Unai Elorriaga (Getxo, 1973) itzultzailea eta filologoa ofizioz, 2002ko Narratibako Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 'SPrako tranbia' lehen eleberriarekin. Bere lanak italierara, ingelesara, galizierara, alemanera, katalanera, serbierara, errusierara edo estonierara itzuli dituzte, eta gaztelaniera itzulitakoak Elorriagak berak itzuli ditu.

Prentsa idatzian kolaboratzailea da eta irakasle eta hizlari aritu izan da mundo osoko unibertsitateetan, hala nola Oxford, Georgetown, EHU, Dublingo Unibertsitatea, Aberdeengo Unibertsitatea edo Lyongo Ecole Normale Supérieure-n.

Leire Bilbao (Ondarroa, 1978), bertsolari txapelketetan ibili ondoren, 2006an egin zuen jauzi literaturara 'Ezkatak' poesia liburuarekin. Bere hainbat poema ingelesera, italierara, alemanera, errumanierara, katalanera, galizierara eta gaztelaniara itzuli dira. Nijole Miliauskaiteren lana euskaratu du, baita poeta garaikideen beste poema batzuk ere. Haur eta gazteentzako 20 lan baino gehiago ere argitaratu ditu.

Saioa 19.00etan hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko areto nagusian, eta sarrera doakoa eta librea da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, 'streaming' bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.