GAUR 8
Gaur X urte

Rosita Arregi erraketista bizkaitarra jaio zen gaur 101 urte

Rosa Arregi Arriaga erraketista mallabitarra duela 101 urte jaio zen. Bi hamarkadetako ibilbide profesionalean espainiar Estatuko txapelduna izan zen eta Munduko txapelketa jokatu zuen Mexikon.

Erraketistak Groseko frontoian.
Erraketistak Groseko frontoian. (Donostiako Udal Artxiboa)

Gaur 101 urte, 1922ko urriaren 19an, jaio zen Mallabian Rosa Arregi Arriaga erraketista profesionala. ‘Rosita’ eta ‘La Atómica’ goitizenekin ezagutu zuten kantxan, eta 20 urteko kirol ibilbidean Madril, Bartzelona edo Mexikoko pilotalekutan aritu zen atzelari postuan. Mallabiko herriguneko Kalbarixo kalean jaio zen. Etxebarriko eskolara joan zen hainbat urtez, eta bertako frontoian ikasi zuen ere eskupilotan jolasten. Mallabian zegoenean, mutilen kontra jolastea gustatzen zitzaion, eta elizpeko arkupea zen bere jolasleku kutunena.

11 urte zituela Eibarrera joaten hasi zen, erraketan entrenatzera bere adineko beste neskato batzuekin batera. Laster Madrilen jokatzeko proposamena heldu zitzaion, eta ez zuen aukera galdu.

1935ean debutatu zuen, 13 urterekin eta lizentziako adina faltsifikatuta, 14 zituela aditzera emanda. 36ko Gerrak bere progresioa eten zuen, eta urte batzuetan Madrilgo zine areto batean aritu zen lanean akomodadore modura.

1940-41 urteen artean Bartzelonako Colon frontoian jokatu zuen. Handik Valentziara joan zen 1944an Espainiar Estatuko erraketista profesionalen txapelduna izatea lortu zuen.

1951n Mexikora joan zen. Sasoi distiratsua izan zen berarentzat, sarri agertu zen bere partiden aipamena prentsan. Izan ere, Mexikoko Kirol Kronisten Elkarteak 1951 urtean Urrezko Aingerua eman zion, pilotarekin lotutako herrialde hartako garaikurrik garrantzitsuena. 1952 urtean, Erraketisten Mundiala jokatu zuen.

Mexikon zela, 1955 urtean erraketa uztea erabaki zuen, etxekoengana itzuliz. 2004ko abenduaren 15ean hil zen.