Gaur 10 urte ‘Parot Doktrina’ baliogabetu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrina (Parot doktrina ezizenez ezaguna) baliogabe utzi zuen duela 10 urte, 2013ko urriaren 21ean. Zehazki, Estrasburgok Ines del Rio euskal presoaren aldeko epaia berretsi zuen, «ahalik eta lasterren» aske uzteko eskatuz.
2013ko urriaren 21ean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Ines del Río euskal presoaren aldeko epaia berretsi zuen, 197/2006 epaiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen zuela iritzita. Giza Eskubideen Europako Auzitegira iritsi zen 197/2006 epaiaren (‘Parot doktrina’) aurkako lehen errekurtsoa izan zen Del Riorena.
2006an martxan jarritako ‘Parot doktrina’-ren ondorioz, 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoen kasuan, espetxe-onurak edo erredentzioak espetxe-zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez guztira bete beharko liratekeen gehienezko 30 urteko kopuruari, ordura arte egiten zen bezala.
Tafallarra 1987ko uztailaren 5ean atxilotu zuten, eta 2008ko uztailaren 3an libre geratu beharko zukeen. Baina ekainean ‘Parot doktrina’ aplikatu zioten.
Haren defentsak Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 7. artikulura joz, artikulu horrek ezartzen baitu ezin dela egon hura bermatzen duen legerik gabeko zigorrik. Gainera, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren atzeraeraginezko aplikazioa salatzen zuen.
2012ko uztailaren 10ean, Estrasburgoko auzitegiak Del Rio «ahalik eta lasterren» aske uzteko eskatu zuen eta, 30.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu zuen espainiar Estatua, kalte moralengatik. Gainera, Auzitegiak zioen Del Rioren espetxeratzea «irregularra» zela 2008ko uztailaren 3tik.
Espainiak, ordea, helegitea aurkeztu zion sententzia honi. Baina, 2013ko urriaren 21eko 11.30tan Estrasburgok epaia eman zuen, Ines del Rio askatzeko aginduz. Del Rio libre geratu zen hurrengo egunean. Gainera, kasu honi buruzko epaiak jurisprudentzia sortu zuen eta beste euskal preso asko libre geratu ziren hurrengo hilabeteetan.